Euskararen erabilera aldarrikatzeko horma-irudia margotu dute Usansolon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Euskaraldia Usansolon
Iazko Euskaraldian bertan behera utzi behar izan ostean, pasa den domekan horma-irudia margotzeko ekintza antolatu zuten Usansolon. ‘Izan hitzekoa’ lelopean, euskararen erabilera aldarrikatzeko helburua du Laminarrieta bidean kokatuta dagoen mural berriak.
Otsailaren 21ean ospatu zen Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Eguna eta honen harira pasa den domekan, otsailak 26, Usansoloko auzokideek Laminarrieta bideko Euskaraldiko horma-irudia margotu zuten. «Deialdiak arrakasta handia izan zuen», azaldu zuten antolatzaileek ekintzaren ostean.
Euskaraldiaren azken ediziorako aurreikusita zegoen ekintza baina bertan behera utzi behar izan zuten eguraldi txarra zela eta. Aurten ordea egin ahal izan dute eta ‘Izan hitzekoa’ lelopean, euskararen erabileraren aldeko aldarrikapena egin zuten.
«Oso urte berezia izan da, iragana eta oraina batzen dituen aurkikuntza apartekoa gaurkotasunez jarri baitau», adierazi zuten 2022ari erreferentzia eginez. «Horma-irudian keinua egin gura izan deutsogu Irulegiko eskuari, eta ondo etorriaren sinbololez be erabili gura izan dogu, oraingoan, euskararen unibertso sinbolikora ondo etorria hain zuzen», azaldu zuten antolatzaileek.
Halaber, mezuak «Euskaraldiaren azken edizioan hartu gendun konpromisoari eusteko be eskatzen deusku».