
«Euskararen etorkizuna», Aniceto Ajuriagogeaskoa
Aniceto Ajuriagogeaskoa Aurre
BINKE / 2018ko abendua
Euskararen etorkizuna
Espainiar eta frantziar estatuen etengabeko eraso kalkulatuen eraginez gure hizkuntza asko ahuldu da historian zehar, azken sastada bortitza frankismoak eman diolarik, hil zorian uzteraino.
Eraso horien aurrean euskal herritarrok ondo jakin dugu geure hizkuntzari eusten. Esaterako aipagarria da ikastolek eta euskalduntze-alfabetatzeak irekitako bideetatik egindako itzelezko lana frankismoaren azken urteetan.
Jabetu gara baita ere euskara jakitea eta ikastea ez dela nahikoa; erabilera funtsekoa dela, hizkuntzak bizirik jarraitu dezan; eta hori lortzea herritar guztion kontua dela. Konbentzimendu horrek eraginda burutu da Euskaraldia, Euskal Herri osoan arrakastatsua izan den ekimen soziala: 400 herritan sortu dira batzordeak eta 220.000 herritarrek eman dute izena; eta Galdakaon ere eragin handia izan du.
Seguruenik gutako batek baino gehiagok esango du aldaketarik ez duela nabaritu bere inguruan.
Edozelan ere, «hau bide baten hasiera da»: eman dugun pausua oso inportantea da eta jarraipena izatea gure esku dago, euskalgintza osoa eta erakundeak elkarlanean arituz, eta herritarrengan euskaraz bizitzeko ilusioa eta gogoa biztuz.