«Euskeraz bizi»
Manu Etxebarria Ayesta
BINKE / 2018ko azaroa
Jatorrizko Euskal Herrian, euskaldunak euskeraz jaio, hazi, hezi, bizi eta hilten ziran. Historiaren joanean, beste hizkuntza batzuk sartu jakuz gurean eta zapaldu egin deuskue neurri handi baten gure euskera. Baina, gu, herri preindoeuropeoa gara, eta leku-denboretako erasoaldiei aurre egiten jakin dogu, geure nortasuna galdu barik eta horretan daragoiogu gaur be. Euskerak eta euskal kulturak egiten gaitu euskaldun, baina oraindik asko falta jaku Euskal Herri osoa guztiz euskalduntzeko. Gaur egun, batzuk euskaldun jaio gara, beste batzuk euskaldundu egin jakuz eta falta diranak euskalduntzeko ahaleginak egiten gabilz. Euskalduntze bideko ekintzetariko bat Euskaraldia dogu, euskera biziari arnasaldi bat emoteko. «Euskaldun» berbea, «euskaradun» berbatik dator. Euskalduna, euskera dakiena da. Baina, jakitea ez da nahikoa, erabili egin behar dogu, bakoitzak bere neurri eta erara, danok euskalduntzeko. Halabiz!
Gauez egon arren ilun
argia egunez egun
euskerak eta euskal kulturak
egiten gaitu euskaldun.
Itsasoan handi ura
basoan ugari zura,
euskaldun izan euskeraz bizi
zainduaz euskal kultura.