Euskotrenek Metroaren 5. lineako bost tren erosteko lizitazioa atera du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Metro Bilbao
Metroaren 5. lineak Basauri Galdakaoko erdigunearekin eta Usansoloko ospitalearekin batuko ditu 2027an. Euskotrenek hasi du ibilbide berria eraikitzeko prozesua eta bost tren erosteko lizitazioa atera du.
Euskotrenek S-980 tren-serie berria kontratatzeko prozedura hastea baimendu du, 53.750.000 euroko zenbatekoan. Zehazki, 2027an Basauri Galdakaoko erdigunearekin eta Usansoloko ospitalearekin batuko dituen Metroaren 5. linearen bost tren erosteko lizitazioa atera du prezio horretan.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendekoa den sozietate publikoak jakinarazi duenez, Metroaren 5. lineak lau bagoiko bost unitate elektriko anitz izango ditu eta laurehun pertsona garraiatzeko gaitasuna izango du bakoitzak. Gainera, mugikortasun murriztuko pertsonentzako bainugela egokitu bat egongo da unitateetan.
Bestalde, unitate berriek tren-sektoreko berrikuntza teknologiko aurreratuenak izango dituzte teknologia, fidagarritasun, jasangarritasun, segurtasun eta ergonomia arloan. Halaber, jasangarriak izango dira eta «ingurumen-araudi guztiak beteko dituzte, baita material guztien eta bakoitzaren bizi-zikloak ere».