Frantziako Tourra Galdakaotik igaroko da zapatuan, baina nondik zehazki?
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Juan Lazkano
Frantziako Tourraren lehen etapa Bilbon hasi eta Bizkaitik igaroko da zapatuan, uztailak 1. Galdakaon zehar ere arituko dira goi mailako txirrindulariak eta Elorritxuetatik sartuko dira. Albiste honetan batu dugu zein ordutan helduko diren herrira.
Munduko txirrindularitza txapelketa garrantzitsuena den Frantziako Tourra zapatuan, uztailak 1, hasiko da Bilbon. Egun horretan eta bi hurrengoetan Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik arituko dira goi mailako txirrindulariak.
Lehen etapan 182 kilometro egingo dituzte eta hainbat herritan zehar igaroko dira, tartean Galdakaotik. Zehazki, zapatuan helduko dira Larrabetzutik 16:30ak aldera eta Gumuzioko biribilgunetik sartu eta Padrolatik igoko dira txirrindulariak. Elorritxueta errepidetik 16:40ean agertzea aurreikusi dute.
Binkek jaso zuen moduan, lasterketaren ondorioz trafiko mozketak izango dira Galdakaon. Elorritxuetarako errepidea barikuan 22:00etan moztuko dute eta herrian zehar ere trafikoan eragina izango du Frantziako Tourrak. Zehazki, hauek izango dira mozketak bihar 22:00etatik aurrera:
- Urgoiti-Elorritxueta bidea
- Bengoetxe-Elorritxueta bidea
Zapatuan bertan ordea, 11:00etatik aurrera, bide hauek ere itxiko dituzte:
Urgoiti-Erletxeta, norabide bietan
Elexalde, auzokide eta jatetxeetako bezeroentzako izan ezik
Halaber, aparkalekuak atonduko dira Elexaldeko atletismo pistan, Elexalde eta Bengoetxe institutuetan, Andra Mari Lanbide Heziketa zentroan eta Urreta eskolan.
Galdakaoko Udalak herritarrak animatu ditu «egun horretan txirrindularitzaz gozatzera eta gure koloreak erakustera».