Fvckgolons: «Kuadrila geroz eta zaharragoak ikusten ditugu Galdakaon»
Fvckgolons kuadrila @fvckgolons
BINKE / 2020ko urria
«Kuadrila geroz eta zaharragoak ikusten ditugu Galdakaon»
GALDERAK: Patxiku kuadrila @patxikugaldakao
Nondik datorkizue izen hori? Egun batean, Ixai surf egiten ibili zen Firulais kuadrilako txoriburu batekin. Animalien izenak esaten hasi ziren, eta «golondrina» oso barregarria iruditu zitzaienez, horrela gelditu zen gure taldearen izena.
Zelan ospatu dituzue Galdakaoko jaiak? Egia esan, gure Galdakaoko jaiak ez dira aspergarriak izan. Jendea barikuetan kalera irten zen, baina gu Bekeako txoko batera joan ginen; Galdakaoko jaiak bertan ospatzera. Horrez gain, larunbatetan bizpahiru kuadrila Someran batzen zirenez, gu ere haiengana hurbiltzen ginen giroa zelakoa zen ikusteko.
Asmorik al daukazue Patxikuk dituen bi izarrak lortzeko? Urte asko daramatzazue izarrak bilatzen, eta gu jaietako txapelketan berriak garela esan dezakegu; baina hurrengo urtean adi egon, kuadrila berri bat egongo baita jaietako txapelketako podiumean…
Zein kuadrila eramango zenukete irla desertu batera? Kuadrila bat eraman beharko bagenu, Kupless aukeratuko genuke, haiekin daukagun gertutasunagatik. Hala ere, azken urte hauetan harremanak neurri handi batean sendotu dira beste kuadrila batzuekin, adibidez: Kuatxeatxe.
Zuetako nor joango litzateke «La isla de las tentaciones» saiora tentadore moduan? Tentadore asko ditugu gurean eta argi daukagu bakoitzak bere berezitasunak dituela, baina dudarik gabe, tentatzaileena Eneko dela uste dugu. Adi ibili berarekin, gogor dator-eta!
Galdakaoko harrobia zaretenez, zelan ikusten dituzue kuadrila nagusiak? Nortzuk dira zuen erreferenteak? Kuadrila geroz eta zaharragoak ikusten ditugu Galdakaon, baina oraindik egurra emateko prest zaudetela dirudi. Guk ez daukagu kuadrila erreferenterik, izan ere, gu gara beste kuadrila batzuen erreferenteak!
Galdakaoko jaietatik zer botatzen duzue faltan? Erromeriak asko botatzen ditugu faltan. Aurten kuadrilen arteko txapelketan parte hartzeko asmoa geneukan, eta pena handia eman digu. Faltan botatzen dugun beste gauza bat ligoteoa da, Covid honek egoera batzuetan mugak jarri baitizkigu.
Zein tabernatan gustatzen zaizue parrandak bukatzea? Gure gogokoena Jazz Giroa kafe antzokia dela esan dezakegu, Covid garaia kenduta, goizeko ordu batean ateak ixten ez dituen bakarretakoa delako.
Kuadrilako nor ikusten duzue «influencer» edo «Instagramer» gisa? Gure kuadrilako askok erabiltzen dute egunerokotasunean Instagrama, baina Instagramer bezala ez dugu inor ikusten. Ez da gure estiloa, baina etorkizunean baliteke norbait influencer bilakatzea.
Zein mezu bidaliko zenieke Galdakaoko beste kuadrilei? Azken aldian Galdakaoko gazterian giro aparta dagoela ikus daiteke, eta horrela jarraitzea espero dugu. Nahiz eta Covid 19ak aurten jaiak ospatzeko aukera kendu digun, gogoratu hurrengo urteko jaiak askoz hobeak izango direla!