Gaizka Carregal: «Txapel hau ez da nire lorpenik handiena izan, bai ordea bereziena»
Gaizka Carregal, esku-pilotaria
BINKE / 2022ko ekaina
«Gaur egun ez da erraza 23 urterekin profesionaletara salto egitea»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Gaizka Carregalek bidalitakoa
Gaizka Carregal galdakoztarrak Euskal Herriko txapela irabazi zuen iragan barikuan Mungian, buruz-burukoan, eta garaipen horren zein bere egungo egoeraren inguruan berba egin dugu berarekin!
Euskal Herriko buruz-buruko txapeldun berria da Gaizka Carregal (Galdakao, 1999). Galdakoko pelotari gazteak garaipen berri hau lortu ahal izateko izan dituen gakoetako batzuk zeintzuk izan diren helarazi dizkio Binkeri, bai eta lorpen honek zein ate berri ireki ahal dizkion azaldu.
Ezer baino lehen, zorionak! Izan duzu astirik garaipena ospatzeko? Mila esker! Bai, nola ez, ondo gainera! Ostiralean izan nuen finala, garaipenaren ospakizuna berriz larunbatean. Igorreko jaiak izan ziren eta bertan ospatu nuen lorpen berria lagunekin. Biribila izan zen asteburua!
Euskal Herriko buruz-buruko txapeldun. Orain arteko garaipenik handiena akaso? Handiena agian ez, bai ordea berezienetakoa. Finean Euskal Herrian garrantzi handia duen kirol batean nagusitzeak asko poztu ninduen, oso polita izan zen. Hala ere garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea maila handia bazegoen ere, hainbat aurkari gogorrek ezin izan zutela azken edizio honetan parte hartu. Sentitu dut izan direla horrenbesteko izenik ez duten txapelketak gehiago kosta zaidala gailentzea, hainbat aurkari gogor irabazi behar izan nituen beste hauetan. Azken honetan ordea bestelakoa izan da bidea, baina hala ere ez diot garrantzirik kendu nahi lortutakoari.
Lortutako garaipen berri hau urte luzeetako lanaren erakusle, ezta? Bai, txapelak ez dira egun batetik bestera iristen, bide luze baten emaitza dira hauek. Hainbat urte daramatzat pilota munduan, zazpi urte nituela hasi nintzen Eguzkibegi Ikastolan eta ondoren herriko klubera, Adiskidera, egin nuen salto. Entrenamendu eta kemen asko dago honen guztiaren atzetik, baita porrot ugari ere, hauetatik guztietatik ikasiz honaino iritsi naizen arte.
Bien bitartean biologiarekin lotura duen masterra ari zara egiten. Uztargarriak al dira goi mailako kirola eta ikasketak? Hala da, bai. Biologiako gradua amaitu nuen iaz, eta aurten mikrobiologiako masterra ari naiz egiten. Nire ustez uztargarriak dira guztiz, antolakuntza on bat besterik ez da behar. Niri dagokidanez goizetan aritu naiz masterreko klase zein laborategiko lanarekin, eta arratsaldetan entrenamenduekin. Kirola egiteak, egunean zehar une labur bat bada ere, ditudan betebeharrak aldi baterako ahaztu eta hurrengo eguneko konpromezuei aurre egiteko laguntzen dit.
Lortutako garaipen berri honek irekitzen al dizu aterik profesionalen mailara iristeko? Ez dut uste (barrezka). Azken urteetan entrenamendu batzuk profesionalekin eginda ere, gaur egun ez da erraza 23 urterekin maila horretara salto egitea, enpresek gazteagoa den jendea nahiago dute. Hala ere, ez dut orokorrean gehiegi pentsatzen gai hauen inguruan. Argi dut bolada onean nagoela eta gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Maila honi ahalik eta urte gehienez eustea da une honetan buruan dudana, eta izan ohi ditudan lesioak ekiditea.
Galdakaori dagokionez, zein unetan dago euskal pilota herrian? Klubean 50 bat pilotari gaude egun. Izan dira urteak pilotari gehiagorekin, esaterako duela urte batzuk 80 bat izan ginen. Ausartuko nintzateke esatera azken urteetan indarra galdu duela pilotak herrian, zer esanik ez pandemia hasi eta gaurdaino, bi urte hauek ez dira horren gozoak izan. Zaila ari da egiten pilotari berriak klubera erakartzea, tarteka agertzen badira ere. Orain duguna zaindu eta gutxinaka jende berria erakartzea, hori da bidea.
Aurrera begira, zehaztu duzu epe labur zein luzerako helbururik? Nire helburu nagusia egiten dudan guztiaz gozatzea da. Maite dut pilota, eta kirol honetan pozik eta gustura jokatzen jarraitzea besterik ez dut buruan. Goiko lerroetan esan bezala, gaur dudan mailari eutsi eta orain arte bezala gogor lan egiten jarraituko dut.