Galdabusak aldaketak egin ditu ikasleen beharretara egokitzeko
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Gaur hasi da ikasturtea eta Galdabusak moldaketa batzuk egin ditu ikasleen beharretara egokitzeko. Zehazki, ibilbidea eta ordutegiak egokitu dira goizeko eta arratsaldeko lehen orduetan. Albiste honetan batu ditugu aldaketen xehetasunak.
Herritarrek denbora luzez eskatu duten zerbitzua jarri zuen martxan Galdakaoko Udalak uztailean: auzoen arteko Galdabusa. Binkek jaso zuen moduan, bi ibilbide ditu: lehenengoa Aperribaitik Mugurura eta bigarrena Zuhatzutik Elexaldera.
Ikasturte hasierarekin aldaketak egin ditu Galdabusak, gaurtik aurrera zehazki. Honakoak izango dira aldaketak:
Aperribaitik Mugurura doan 1. linea Elexaldera iritsiko da lehen orduan:
- 8:00etan eta 15:20ean Aperribaiko Unamunotik abiatzen diren autobusen ibilbidea
ez da Mugurun amaituko; Elexaldera arte joango da. Beraz, 8:20ean eta 15:40ean
Aperribairako norabidean joango diren autobusak ez dira Mugurutik abiatuko,
Elexaldetik baizik. - Honakoa izango da 1. linearen ibilbidea zehaztutako ordu horietan: Aperribai Unamuno, Aperribai igogailua, Bengoetxe, Sixta Barrenetxea, Urreta, Anbulatorioa, Zamakoa, Udaletxea, hilerria eta Elexalde.
- Aperribai, Bengoetxe, Urreta eta herri erdialdeko ikasleei joan-etorria erraztuko zaie horrela.
- Aldaketa horiek lanegunetan soilik izango dira, zehaztutako orduetan.
Zuhatzutik Elexaldera doan 2. linea:
- Goizeko lehen ibilbideetako ordutegi batzuk aldatu egingo dira: goizeko lehen zerbitzuak 7:40ean, 7:55ean, 8:10ean eta 8:25ean izango dira. Beraz, areagotu egingo da zerbitzua lehen ordu horietan.
- Arratsaldean, ordutegia egokituta, 15:00etan, 15:30ean, 15:45ean eta 16:00etan izango dira Galdabusaren 2. linearen irteerak Zuhatzutik.
- Aldaketa horiei esker ikasketa ordutegia eta tren ordutegia, esaterako, hobeto uztartuko dira.
- Aldaketak lanegunetan soilik izango dira, zehaztutako orduetan.
Udalak jakinarazi duenez, froga egingo da irailean, «egokitzapenak lagungarriak diren aztertuko da, eta neguko ordutegia zehazterakoan kontuan izango da». Urrian jarriko da martxan neguko ordutegia.