Galdabusak neguko ordutegia izango du gaurtik maiatzaren 31ra arte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaurtik aurrera eta maiatzaren 31ra arte auzoen arteko Galdabusak neguko ordutegia izango du. Aldaketa txikiak egingo dira ordutegietan eta geraleku berriak jarriko dira. Albiste honetan batu ditugu xehetasunak.
Gaur, urriak 1, hasiko da neguko ordutegia auzoen arteko Galdabusean. Maiatzaren 31ra arte iraungo du eta aldaketa txikiak izango ditu orain arte izandako ordutegietan, Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez.
Ordutegia udakoaren antzekoa izango da astean zehar, baina Aperribaitik irteten den 1. linea, pixka bat aurreratuko da eta 7:45ean hasiko da. Zerbitzu hori eta 15:20koa Elexalderaino iritsiko dira.
Aldaketa nagusia ordea asteburuetakoa izango da. Udako ordutegian zapatu arratsaldetan eta domeketan ere Galdabusa martxan izan da «batez ere igerilekuak eta aisialdirako beste ekintza batzuk udaran egiten direlako». Neguko ordutegian, ordea, «herriko denda txikiak zabalik dauden ordutegira egokituko da» zerbitzua eta zapatu eguerdian amaituko da.
Bestalde, aldaketa hauek ere egingo dira:
- Aperribaitik Galdakaoko erdigunera doan 1. linea udaletxeraino iritsiko da, eta Zuhatzutik Elexalderako 2. lineak ere udaletxean geldialdia duenez, autobus aldaketa egin ahalko da bertan
- Beste geraleku berri bat izango du 1. lineak: Aperribako igogailuko geralekuaren ondoren, Olabarrietan ere geratuko da
- Zuhatzu eta Elexalde lotzen dituen 2. lineako autobusak geraleku berria izango du udaletxearen eta hilerriaren tartean, Zabalganen
Zerbitzua doakoa izango da, orain arte bezala.