
«Galdakanoko 850. urteurrena», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2025eko otsaila
Ganguren hegoaldeko mendi magalean historiaurretik bizi izan gara euskaldunak, hori agerian uzten dute bertoko trikuharriek, erromatar garaiko aztarnak edo Goi Erdi Arokoak. Baina, Galdakano ez da 1175. urtera arte dokumentu baten idatzita agertzen.
Nafarroako Antso Gartzea IV.ak Naiarako gotzain egoitzari hainbat lursail eta eliza eman zizkion, besteak beste, 1052. urtean Bizkaiko kostaldean dagoen Barrikako Andra Mari eliza, monjeak arrainez hornitzeko. Errege berak 1045ean Behe Errioxa musulmanei berreskuratu zuenean, Naiarako gotzain egoitza Calahorrakoarekin gatazkan sartu zen, hau baitzen aitzindaria.
1076an Nafarroako Antso ‘Peñalengoa’ eraila izan zenean, Alfonso VI.aren Gaztela eta Leongo tropek Nafarroako Sartaldea inbaditu zuten. Orduan izan zen apezpiku egoitza behin betiko Calahorrara lekualdatu zenean eta Armentiako gotzain egoitza ere bereganatu zuenean, Arabatik Bizkaira arte hedatzen zena.
Nafarroako erregea zen Alfontso I.a Bataialariak, Nafarroako Sartaldea berreskuratu zuen 1109. urte inguruan, Bizkaia barne. Baina, urte batzuk geroago, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak berriro okupatu zuen 1173an, epe labur batez bada ere, Londresko 1177ko Nazioarteko Arbitraje Laudora arte. Bertan, lur hauek Nafarroarenak zirela ebazten zen. Nahiz eta Ingalaterrako erregearen Nazioarteko Laudo hau errege biak sinatu, Gaztelako tropek Sartaldeko Nafarroa berriro inbaditu zuten 1199-1200 bitartean. Sasoi honetan, Nafarroako Gortetik etorritako Galdakanoko Antsoren familiak Andra Mari eliza eta gotorlekua eraiki zuen, lurraldea berrantolatzeko eta gaztelaniengatik defendatzeko.
Testuinguru gatazkatsu honetan, Calahorra-Naiarako apezpikuek ezin ziren Bizkaian sartu, elizbarrutien mugak eta politikoak ez baitzentozten bat. Horregatik, Naiarako apezpikuak Gaztelako erregeak eman zizkion hamarrenak edo zergak hainbat elizatik hartzen ez zituela hiru dokumentuetan idatzita utzi zuen: 1175eko martxoaren 14an lehena, 1179an eta 1193an azkena, euren artean Bizkaiko Algabano eta Barriga elizetatik; hirugarren dokumentuan Aldacano eta Barrika bezala idatzita agertzen dira, azken eskribau honek baliteke euskaraz jakitea.
Laburbilduz, esan dezakegu Galdakanoko udalerri edo elizate berria Gangurengo Santamañe parrokia nagusitik 1175. urteaz geroztik behintzat banandu zela. Auzo Batzarren leku berria Elexaldeko Andra Mari elizaren aurrean zegoen, Guzur Aretxa izenaz ezagutzen den zuhaitzaren itzalpean. Beraz, hilabete honetan 850 urte betetzen dira gaur egungo Galdakano historian sartu zela.