
Galdakao eta Larrabetzu arteko bidegorria prest egongo da 2026rako
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Foru Aldundia
Galdakaoko Erletxe ingurua eta Larrabetzu batuko dituen bidegorriaren lanak hasi dira honezkero. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, 2026ko amaierarako prest egongo da, eta 3,4 kilometro izango ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaoko Erletxe ingurua eta Larrabetzu batuko dituen bidegorria eraikiko du eta honezkero hasi dira horretarako lanak. Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak jakinarazi zuen duela egun batzuk.
Bidegorria 3,4 kilometroko azpiegitura da, eta espazio ireki, parke, lorategi edo basoetatik igarotzen da. Txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbideak batuko dira hor, trafiko motordunetik erabat isolatuta.
«Jarduketaren hasiera lehen BI-737 zenaren eta orain BI-2713 den errepideko 11+100 KParen parean hasiko da, Erletxeko industrialdean sartzeko bidegurutzetik oso hurbil. Puntu horretan, banatuta heltzen diren oinezkoentzako eta txirrindularientzako bidezidorrek bat egiten dute Larrabetzurantz, Txorierriko korridorearekiko paraleloan», azaldu zuen Alzagak.
Bidegorria 2026ko amaierara arte amaituta egotea aurreikusi du Aldundiak. Aurrekontua 11,7 milioi eurokoa da, eta Europako funtsek kofinantzatzen dute.