Galdakao eta Polonia lotuko dituen Gazte Trukearen VII. edizioa antolatu du Argizaik
Aisialdia
BINKE / 2022ko ekaina
Galdakao eta Polonia lotuko dituen Gazte Trukearen VII. edizioa antolatu du Argizaik
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Visiton.pl webgunetik
Ingelesari ekinez «herri eta kultura desberdinen inguruko ezaguera ahalbidetzea» helburu duen gazteen arteko trukea antolatuko du zazpigarrenez aisialdiko Argizai taldeak, Polonia eta Galdakaoren artean. Gaur da izena emateko azken eguna. Hemen jakin beharrekoak!
Zazpigarrenez dira ospatzekoak Gazte Trukea Argizai elkarteko kideak. Galdakaoko Udalarekin elkarlanean 2014an antolatu zuten lehenengoz elkartrukea, eta urterik urte Europan zehar aurki daitezkeen txoko desberdinak ezagutu ordutik.
Aurtengo edizioari dagokionez, dagoeneko zehaztu dute zein izango den egonaldia pasatzeko tokia. Polonian dagoen Kielce herrian burutuko dute trukea, eta uztailaren 17an hasi eta hile bereko 28ra arte egingo dute egona bertan.
Poloniako ikasleak berriz aldez aurretik izango dira Galdakaon, izan ere, uztailaren 4tik 13ra arte egongo dira hemen. Nabarmentzekoa da, hala ere, finkatu dituzten data hauek guztiak behin behinekoa direla oraindik, eta behin erabakita iragarriko dituztela zehatzago.
Argizai elkarteak nabarmendu duenez, «herrialde desberdinetako gazteek elkarteen arteko bizipen bateratu bat bizitzea» du helburu egitasmoak, eta honen bitartez «herri eta kultura desberdinen inguruko ezaguera ahalbidetzea». Ipar Irlanda, Txekia, Alemania edo Frantzia dira esaterako aurreko edizioetan ezagutu dituzten herrialdeetako batzuk.
Bertan parte hartu nahi bada hiru baldintza nagusi ezarri ditu elkarteak. Batetik, elkartrukean izena emateko 2005-2007 urteen bitartean izan behar da jaioa nahitaez. Ez hori bakarrik, bertan parte hartzeko ingelesaren ezagutza minimo bat eskatzen dute, egitasmoaren xedea «hizkuntzaren ezagutza are sakonago ikastea baita, eta ez hutsetik hastea». Eta azkenik, izena emateko epemuga ekainaren 14ean finkatu dute, ondoko esteka honen bidez eman daiteke izena horretarako.
Arlo ekonomikoari dagokionez, 200€ko kostua izango du jarduerak. Osotara 12 plaza egongo dira trukaldirako, eta eskaria handiagoa izatekotan zozketa bidez aukeratuko dituzte hautetsiak.
Zalantzak argitzeko:
gerentzia@argizai.org
688847026