Galdakao Futbol Klubeko 74 jokalari Kataluniako Mare Nostrum txapelketan aritu dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Galdakao Futbol Klubeko kideen eskutik
Pasa den asteburuan Mare Nostrum txapelketa lehiatu zen Saloun. Estatu osoko ehundaka jokalari batu ziren hitzorduan eta han izan ziren Galdakao Futbol Klubeko hainbat kide. Guztira, talde galdakoztarreko 74 jokalari, 10 entrenatzaile, 5 delegatu eta 148 guraso batu ziren txapelketan.
Aste Santuarekin batera, oporretako kirol txapelketak antolatzen dira estatu osoan zehar. Besteak beste, Mare Nostrum Cup antolatzen dute urtero Saloun eta oraingoan ere ehundaka kirolari batu zituen pasa den asteburuan hitzorduak.
Estatu osoko klubek parte hartu zuten hainbat kategoriatan, txikienetatik gazteetara. Aurten Galdakao Futbol Klubeko bost talde izan ziren txapelketan: kadete A, kadete B, haurrak 2009 txiki, kimu zuriak 2011 eta kimu beltzak 2011.
Guztira, 74 jokalari, 10 entrenatzaile, 5 delegatu eta 148 guraso batu ziren Saloun, egun ederrak igarotzeko. Haiekin batera izan zen Galdakao Futbol Klubeko ordezkaria den Iñaki Larrea.
Galdakoztarrek bere onena eman zuten zelaian eta emaitzak alde batera utzita, Mare Nostrum Cup-en webgunean ezagutu daitezkeenak, «esperientzia itzela» bizi zuten beste klubeko kideekin batera.