Galdakao Igeriketa Taldeak 21 urrezko domina lortu ditu Bizkaiko Txapelketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakao Igeriketa taldearen sareetatik
Bizkaiko Neguko Haurren Txapelketa izan zen atzo Barakaldoko Lasesarre kiroldegian eta Galdakao Igeriketa Taldeko kideek hainbat domina irabazi zituzten. Zehazki, urrezko 21, zilarrezko beste hainbeste eta brontzezko sei lortu zituzten.
Garaipenez jositako asteburua bizi zuen Galdakao Igeriketa Taldeak, izan ere, atzo, otsailak 5, Barakaldoko Lasesarre kiroldegian ospatu zen Bizkaiko Neguko Haurren Txapelketan hainbat domina lortu zituzten igerilari gazteek.
Zehazki, urrezko 21 domina, zilarrezko beste hainbeste eta brontzezko sei irabazi zituzten, estilo eta luzera ezberdinetako frogetan. «Sekulako asteburua izan dugu Lasesarren», adierazi dute taldetik.
Besteak beste, Ariane Guillenek urrezko lau domina irabazi zituen; Laia Aurrekoetxeak, Aritz Larruceak, Maider Gamerok eta Iker Ariñok urrezko beste hiru eta Aitor Gomezek bi.
Emaitza guztiak Bizkaiko Igeriketa Federazioaren webgunean ezagutu daitezke.