Galdakaoko airearen kalitatea neurtu dute ikasleek
Sagarrak Ekologista Taldearekin batera, Elexalde eta Bengoetxe institutuetako A2030-ikasleek neurtu dute Galdakaoko hainbat puntutan Nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa
Atmosferaren kutsadura arazo orokorra da azken urteotan, hiriguneetan bizi diren Europako biztanle gehienek aire kutsatua arnasten baitugu.
Nitrogeno dioxidoaren kontzentrazioa, NO2-a funtsezko kutsatzaile atmosferikoa izanda, airearen kalitatearen adierazle gisa erabil daiteke. Haren emisio-iturri nagusia tenperatura altuko errekuntza da. Hirietan, motordun ibilgailuen errekuntzatik dator, batez ere diesel ibilgailuetatik. NO2-ak zuzenean eragiten dio arnas aparatuari eta arnasa hartzeko bideei (Bronkitisa, asma,…). Azterketa epidemiologikoen arabera, NO2-kontzentrazio handien eraginpean luzaro egonez gero, handitu egiten dira bronkitisiak, haur asmatikoak eta, orokorrean, gutxitu egiten da pertsona osasuntsuen birika-funtzioa.
Hori dela eta, Elexalde BHI-ko eta Bengoetxe BHI-ko ikasle batzuek, Sagarrak Ekologista Taldearekin batera, Galdakaoko airean dagoen NO2-kontzentrazioak neurtu dituzte otsailaren 6tik martxoaren 5era bitartean. Guztira 40 puntu aztertu dituzte, Galdakaoko ikastetxeen inguruan eta herriko hainbat kaletan.
Grafikoetan eta mapetan ikus daitekeenez, kontzentraziorik handiena neurtu duten puntua, 39 μg/m3-rekin, EL-06 da (Elexaldera igotzeko errotonda) eta hurrengoak dira, 32 µg/m3-rekin, EL-20 (Lapurdi kalea, Juan Bautista Uriarte gurutzean); 30 µg/m3-koak, BE-06 puntua (Ibaizabal kalea, Bar Arrien parean) eta 27 µg/m3-koak, EL-14 (Bizkai kalea, autopistarako errotonda) eta BE-02 puntua (Bengoetxeko patioa, autopistara begira).
Ondorioak
Gure ekintzen bidez murriztu daitezke ingurumen-arazoen ondorio okerrenak? Galdakaoko gazteek baietz uste dute eta horregatik, lortutako emaitzak herrian zabaldu nahi dituzte Galdakaon dagoen ingurumen-arazoaz jabetu gaitezen eta gure ohituretan, batez ere mugikortasunean, aldaketak egiten saia gaitezen. Gutako bakoitzak borroka egin dezake larrialdi klimatikoaren aurka.