Galdakaoko auzoak hobetzeko inkestak egiten ari dira herritarren artean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Herriko auzoen garapen integrala eta orekatua bultzatzen duen Auzotik Galdakao proiektua Aperribai eta Urreta eremuetan abiatu zen. Orain herriko gainerako eremuetara zabaldu da ekimena eta inkestak ari dira herritarren artean, «auzo bakoitzaren behar espezifikoak detektatzeko».
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan iaz. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen, Aperribai eta Urreta, eta orain proiektua herri osora zabaltzen doa pixkanaka.
Bide honetan, herritarren iritzia ezagutzeko asmoz, bilera irekiak antolatzen ari da Udala azaroan zehar, eta ondoren, jarduera osatzeko asmoz, ibilbide gidatuak egingo dira ondorengo asteetan, BINKEk jaso zuen moduan.
Bestalde, herritarren beharrak batzeko helburuz ere, inkesta bat egiten ari da Udala herritarren artean. Inkestatzaileen udal-talde bat auzoetara hurbiltzen ari da galdetegi labur bati erantzuteko eskatuz. Halaber, Udalak inkesta webgune bitartez erantzuteko aukera eskaini du.
Erantzunak «oso erabilgarriak izango dira auzo bakoitzaren behar espezifikoak detektatzeko eta datozen urteetarako estrategia lantzeko», adierazi dute Udaletik, proiektuan parte hartzera animatuz.