Galdakaoko Bono Denda aurrerantzean Mozoilo Txartela deituko da, eta lehen kanpaina martxan dago

Argazkia: S. M.

Gu Dendari elkarteak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean, Bono Denda kanpaina ordezkatuko duen Mozoilo Txartela jarri du martxan. Ekimenak hiru kanpaina izango ditu, eta lehena hasi da dagoeneko. Nola funtzionatzen du Mozoilo Txartelak?

Bono Denda ekimena ordezkatuko duen formula berria proposatu eta martxan jarri du Gu Dendari elkarteak, Galdakaoko Udalarekin elkarlanean: Mozoilo Txartela. Kanpainaren helburua «herriko merkataritza eta zerbitzuetan kontsumoa sustatzea eta herritarrak tokiko establezimenduetan erostera animatzea da».

Egitasmoa hiru alditan banatuko da. Lehena hasi da dagoeneko, eta abuztuaren 7ra arte luzatuko da. Bigarrena abuztuaren 8an hasi eta urriaren 7an bukatuko da, eta hirugarrena urriaren 8tik abenduaren 7ra bitarte luzatuko da.

Bakoitzean kolore desberdineko kartillak eta txartelak erabiliko dira. 15 euroko 6.666 Mozoilo Txartela banatuko dira kanpaina osoaren baitan, atxikitako establezimenduetan erabiltzeko, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru Mozoilo Txartela eskuratu ahal izango ditu, aldi bakoitzeko bana.

Funtzionamendu erraza

Dinamika berria «oso erraza» da, Udalaren hitzetan: kanpainari atxikitako establezimendu batean gutxienez 5 euroko lehen erosketa egiterakoan, bezeroak zigilu kartilla jasoko du, lehen zigiluarekin batera. Ondoren, herriko beste establezimendu parte-hartzaile batzuetan erosketak egin ahala, sei saltoki edo zerbitzu desberdinetako sei zigilu bildu beharko ditu kartilla osatzeko.

Kartilla osatutakoan, herritarrek Gu Dendari elkartearen bulegoan (Muguru Plaza) trukatu ahal izango dute, 15 euroko Mozoilo Txartela baten truke. Behin eskuratuta, Mozoilo Txartelak kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira abenduaren 31ra arte. Faktura bakoitzean, gehienez ere, zortzi txartel baliatu ahal izango dira. 

Ekimen honen bidez, Udalak «gertuko kontsumoa sustatu, herriko merkataritza eta zerbitzu eskaintza zabala ezagutzera eman eta herritarrak tokiko negozioak lehen aukera gisa kontuan hartzera bultzatzea du helburu».

Mozoilo Txartelaz gain, Gu Dendari elkarteak beste ekimen berri bat jarri du martxan: Altxa Burua ekimenarekin bat egin dute Galdakaoko saltokiek.Horrela, aurrerantzean ikur hori borobila duten komertzioetan gurasoak deitzeko telefonoa eskatu ahal izango dute herriko gaztetxoek, BINKEk jaso zuen moduan.

situs togel

situs toto