Galdakaoko Da Capo Musika Bandak bere lehenengo diska aurkeztuko du domekan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Iñaki Perez
Bere lehenengo diska aurkeztuko du Galdakaoko Da Capo Musika Bandak domekan, Torrezabal Kultur Etxean eskainiko duen kontzertuan. «Ilusio eta lan handiz» egindako lana da, eta saioan bertan erosteko aukera izango da.
Urte hasieran Torrezabal Kultur Etxeak ateak itxi zituen eraberritua izateko. Hasiera batean Galdakaoko Da Capo Musika Bandaren jarduera eta aretoko proiektuak geldiaraztea ekarri zuen, baina egoera honen aurrean, proiektu alternatibo bat proposatu zuen taldeak: konpositore handi eta ezagunek bandarentzat konposatuko lanak bilduko zituen diskoa grabatzea.
Bandak azaldu duenez, helburua bikoitza zen. Alde batetik, «guretzat egindako lana betirako disko batean bilduta edukitzea», eta bestetik, «gure publikoari eta gure herriari musika jotzen eta oparitzen jarraitzeko aukera».
Horrela, ‘Dinamita Da Capo’ bere lehenengo diska sortu du bandak eta domekan, abenduak 15, aurkeztuko du, Torrezabal Kultur Etxean 13:00ean eskainiko duen kontzertuan, Saioan diskan grabatutako obrak entzun ahal izango ditu zuzenean publikoak eta baita diska fisikoa erosi ere.
Kontzerturako sarrerak salgai daude ohiko webgunean, 2,5 eta 5 euro arteko prezioan.