Galdakaoko EAJ elkarteekin batuko da hauteskundeetarako programa prestatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ
Ainhoa Agirregoikoa, EAJren Galdakaoko alkategaia, elkarteekin batuko da udal hauteskundeetarako programa prestatzeko. Helburua «Galdakao hobetuko duten ekarpenak eta iradokizunak» batzea da.
Maiatzean antolatuko dira udal hauteskundeak eta Galdakaoko EAJ-PNV hasi da jada hauetan aurkeztuko dituen proposamenak prestatzen. Herritarren iritzia kontuan hartu nahi du egiteko honetan eta horretarako elkarteei batzarra egiteko deia luzatu die.
Ainhoa Agirregoikoa, EAJ-PNVren Galdakaoko alkategaia, batuko da elkarteekin. «Galdakao bizitzeko herririk onena izan daitekeela uste duzuen gauzak nirekin partekatzea nahiko nuke, zuregandik hurbilen daudenak, zure familiarengandik hurbilen daudenak, zure etxean, zure auzoan, galdakoztar bakoitzari arduratzen zaizkigunak», azaldu du alkategaiak.
Agirregoikoaren hitzetan, «zure ekarpenak, iradokizunak, kexak eta ardurak dira Galdakao hobetuko dutenak eta nahi dugun herria lortzera eramango gaituztenak».
Batzarra eskatzeko, emailez egin daiteke ainhoa.eajpnv@gmail.com helbidera idatziz edo www.egiteko.eus webgunean.
Binkek jaso zuen moduan, 2015etik Galdakaoko zinegotzi izan ostean, Ainhoa Agirregoikoa EAJ-PNVren Galdakaoko alkategaia izango da.