Galdakaoko EAJk ‘Galdakao Mugituz’ plana aurkeztuko du bihar herritarren aurrean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
Galdakaoko EAJk «udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko» 22 neurri batzen dituen ‘Galdakao Mugituz’ plana sortu du. Bihar, azaroak 27, aurkeztuko du herritarren aurrean, Gandasegin egingo duen topaketan.
Udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bultzatzen jarraitzen du» Galdakaoko EAJ-PNVk. Bide honetan, ekitatearekin eta irisgarritasunarekin konprometituta daudela nabarmendu dute jeltzaleek eta herritarren eskakizunak batzen dituzten «premiazko» 22 neurri proposatu dituzte.
Neurri hauek ‘Galdakao Mugituz’ planean batu dituzte eta bihar, azaroak 27, aurkeztuko dituzte herritarren aurrean, Gandasegin 19:00etan egingo duten topaketan.
Planak proposatzen dituen neurrien artean, igogailu eta arrapala mekanikoen eraikuntza eta Galdabusako hobekuntza nabarmendu ditu EAJk. Halaber, obrak eta bide-segurtasunerako esku-hartzeak lehenetsi ditu.
«Gainera, plan oso bat dugu gure tokiko merkataritzari benetako bultzada eraginkorra emango diona. Horiek dira aurkezten ditugun ekimenetako batzuk, ekintza bakoitzak gure auzoen ongizatean eragin zuzena duela jakitun baikara», adierazi dute alderditik.
«Herritar guztiak gonbidatzen ditugu proposamen horiek bertatik bertara ezagutzera. Ekitaldia elkarrizketa indartzeko eta Galdakao hobe baten alde elkarrekin lan egiteko aukera bat da», azpimarratu dute jeltzaleek.