
Galdakaoko eta Usansoloko taxistak: «Aseguru-etxeek prezioa hirukoizten digute taxistoi»
Galdakaoko eta Usansoloko taxistak
BINKE / 2025eko otsaila
Aseguru-etxeen «abusuzko praktikak» salatzeko mobilizazioak egin dituzte taxistek azkenaldian. Polizetako prezioak «neurriz kanpokoak» direla adierazi dute, batzutan hirukoizten direla salatuz. Arazoaren inguruan gehiago ezagutzeko asmoz, Galdakaoko eta Usansoloko lau taxistekin hitz egin dugu.
Taxien Euskal Federazioak eta Euskal Taxilariak Borrokan bezalako elkarteek bat egin dute Espainiako Taxien Elkarte Nazionalak aseguru-konpainien «abusuzko jardunbideen» aurka egiten duen salaketarekin. Aseguru-etxeen polizetako prezioak «neurriz kanpokotzat» jotzen dituzten zifretara igo dituztela salatu dute. Arazoaren inguruan gehiago sakontzeko asmoz, Usansoloko ospitaleko taxi paradara joan da BINKE, Pedro, Jorge, Jose Ignacio eta Orlando taxistekin hitz egiteko.
Zeintzuk dira aseguru-etxeek taxien sektorearekiko dituzten «gehiegizko praktikak»? Aseguru-etxeek Uber edo Cabify bezalako VTC-en talde berean sartu gaituzte eta hori ez da bidezkoa guretzat. Enpresa hauetako gidariek askoz ordu gehiago gidatzen dituzte jarraian eta eurenak ez diren autoekin lan egiten dute; beraz, ezbehar-tasak gora egiten du, eta, ondorioz, prezioak ere gora egiten du. Ezbehar-tasa aldiz, askoz txikiagoa da taxietan, baina talde berean sartzen gaituztenez, prezio bera kobratzen digute, eta ez da bidezkoa.
Noiz hasi ziren praktika hauek? Aseguru-etxeak aspaldi hasi ziren taxiekiko abusuzko praktikekin. Orain VTC taldean sartu gaituzte eta horrek aseguruek hiru aldiz garestiago kobratzea eragin du, 5.000 eurorainoko tarifekin. Baina gehiegikeriak urrunetik datoz. Adibidez, auto bat erabilera pertsonalerako beharrean taxi bat izateko erabiliko duzula jakitean, aseguruaren prezioa bikoiztu egiten dizute. Gainera, hasten diren taxilariei, adibidez, konpainia batzuek ez dizkiete aseguruak egin nahi, edo bizitza edo etxe-aseguruak egiteko ere eskatzen diete. Lotsagarria da azkenaldian hartu duten jarrera hau.
Transparentzia eskatzen diezue aseguru-etxeei. Zergatik? Hain zuzen prezioen igoera hain handiak justifikatzea eskatzen diegu, azaltzea zergatik sartzen gaituzten VTC talde horretan, gure ezbehar-tasa askoz txikiagoa denean.
Arazo honen aurrean Espainiako Gobernuaren esku-hartzea eskatu duzue. Zer egin dezake honek? Berehalako neurriak eskatu dizkiegu Espainiako Gobernuari eta gainerako instituzioei, sektorearen prekarizazioa geldiarazteko eta lankide gehiago jarduera uztera edo ibilgailuak uztera behartuta egotea saihesteko. Ez dakigu zein neurri hartu ahal dituen zehazki, baina aseguru-etxeek jartzen duten prezioa mugatu behar dela argi dago. Era batera edo bestera egin behar da, bestele jende asko taxia uztera behartuko dute.
Urtarrilean milaka taxista batu zineten Bilbon egoera salatzeko. Mobilizazio berriak aurreikusi dituzue hurrengo asteetan? Garrantzitsuena denok batera egotea da, eta horregatik gu Madriletik deitzen dituzten manifestazioetara batzen gara. Gero eta gehiago izan, gero eta altuago salatu ahal izango ditugu aseguru-etxeen praktika hauek. Badirudi aurreko mobilizazioek behintzat mahai gainean jarri dutela arazoa eta Espainiako Gobernua egoera aztertzen ari dela. Baina egoerak ez badu hobera egiten, geldialdi luzeagoak egin behar izango ditugu. •