Galdakaoko Jai Batzordea hasi da 2023ko Santakurtzak prestatzen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Jai Batzordea
Galdakaoko Jai Batzordeak hasi du irailean ospatuko diren Santakurtzetarako atzerako kontaketa. Batzordea jaiak prestatzeko bilerak egiten hasi zen duela aste batzuk, egitaraua erabakitzeko helburuz.
Irailean ospatuko diren Santakurtzei begira dago honezkero Galdakaoko Jai Batzordea. Batzorde galdakoztarra hasi da jaiak prestatzeko prozesua eta horretarako bilerak antolatzen ari dira Torrezabal Kultur Etxean eta udaletxean, martxotik. Hirugarren bilera antolatu dute iragan astelehenean. Besteak beste, egitaraua erabakitzeko bilerak egiten ari dira.
Egitarauari dagokionez, Santakurtzetako kontzertuak proposatzeko prozesua zabalik dagoela jakinarazi zuen Udalak pasa den astean, Binkek jaso zuen moduan. Eta horretan ari dira batzordekideak ere. Gainera, aurten lehenenengoz, batzordekide izan daitezke —elkarteetako kideekin batera— kuadriletako ordezkariak ere.
Herritarrek aldiz, aurretik aipatutako kontzertuei dagokionez, irailaren 8an, 9an eta 15ean Ardanza parkean egingo diren kontzertuak erabaki ahal izango dituzte galdeketa irekiaren bitartez apirilaren 26ra arte.