Galdakaoko Jai Batzordeak bere logoa sortzeko lehiaketa jarri du martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Jai Batzordeak bere logoa sortzea erabaki du eta horretarako lehiaketa jarri du martxan. Diseinuak aurkezteko azken eguna ekainaren 1a izango da eta hemen batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.
Galdakaoko Jai Batzordeak behin betiko erabiliko duen logoa sortzea erabaki du aurten. Horretarako lehiaketa bat jarri du martxan, nahi duenak bere logo proposamenak aurkezteko.
Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako edozein pertsonak aurkeztu ahal izango du logo bat edo gehiago. Hau kolore bakar batekoa izan beharko da (bere erabilpen errezari begira) eta diseinatzerako orduan, kontuan izan beharko da dokumentuak sinatzeko zigiluetan ikusgarri geratu behar dela, bai gomazko zigilu batekin sinatzeko, baita karteletan agertzeko ere, «ikusgarri» geratu beharko da. Beraz, logoa gauzatzeko tamainak egiterakoan esandako erabilerak kontuan izan beharko dira.
Logoa bi modalidatetan aurkeztu behar da. Batetik, «Galdakaoko Jai Batzordea» testua argi ikusi beharko da, eta bestelako irudirik jartzea librea da.
Bestetik, irudi bat baino ez da agertuko, testurik gabe. Bigarren modalitate honetan, aurreko irudi berdina agertu beharko da. Beraz, bien arteko desberdintasun bakarra testua agertzea ala ez izango da.
Tipografia ere librea da eta Galdakaoko Jai Batzordetik azpimarratu dutenez, debekatuta dago Adimen Artifizialaren bitartez logoa egitea.
Diseinuak galdakaokojaibatzordea2020@gmail.com helbidera bidali beharko dira, «logo» gakoa idatzita, eta epemuga ekainaren 1a izango da. Ekainaren 15ean aukeratutako diseinua publiko egingo da, eta baita logoa ere. Halaber, egilearen izena komunikabideetara bidaliko da.
Epaimahaia Galdakaoko Jai Batzordearen lan talde batek osatuko du eta jasotzen diren diseinu guztiak Jai Batzordearen erabilpen librerako izango dira, «Jai Batzordearen beharren arabera».
Epaimahaiak «komenigarriak» izan daitezken egokitzapenak eskatuko dizkio diseinu-irabazlearen egileari, horrela baloratzen baldin badu diseinuak jaso osteko bileretan.
Irabazleak bi pertsonentzako bi afari irabaziko ditu herriko bi jatetxetan, 2024an zehar disfrutatzeko, eta baita plaka oroigarri bat ere, Galdakaoko jaiei egindako ekarpenaren oroigarri.
Txapelketa honetan irabazlerik egon ezean, lehiaketa datorren urtean errepikatuko dela iragarri du Galdakaoko Jai Batzordeak.