Galdakaoko taxistek geralekuan hobekuntzak egitea eskatu diote Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Urki kalean dute geralekua Galdakaoko taxistek eta honetan hobekuntzak egitea eskatu diote Udalari. Taxi gidarien esanetan, «errepidea estua denez, bertatik jaisteak gure osotasunari eta ibilgailuei eragiten dien etengabeko arriskuagatik» egin dute eskaera. Hemen batu dugu taxistek Udalari bidalitako adierazpena, hitzez hitz.
Gaur egun Urki kalean dute kokatuta Galdakaoko taxiek geralekua. Galdakaoko Taxi Gidari Autonomoen Elkartearen esanetan, «bertatik jaisteak gure osotasunari eta ibilgailuei eragiten dien etengabeko arriskuagatik», geralekuan hobekuntzak egitea eskatu diote Udalari.
Taxistek BINKEri azaldutakoaren arabera, hainbat Udal Gobernuri egin diote eskaera, azkena pasa den irailean. «Galtzada zabalagoa eta guretzat edo gure ibilgailuentzat arriskurik gabekoa uzteko, edo, beste udalerri batzuetan bezala, oinezkoentzako bidea eta soilik taxientzako bidea egiteko eskatu dugu».
Hemen batu dugu Galdakaoko Taxi Gidari Autonomoen Elkarteak Udalari bidalitako adierazpena, hitzez hitz:
«Galdakaoko Taxi Gidari Autonomoen Elkartearen izenean, gure geralekua hobetzeko obra bat eskatu nahi diogu Udalari, galtzada estua denez, bertatik jaisteak gure osotasunari eta ibilgailuei eragiten dien etengabeko arriskuagatik. Lankide guztiak ditugu hagunak markatuta espaloira ahalik eta gehien hurbiltzean, ibilgailuak pasatzeko tartea uzteko. Ibilgailuetan ezbeharrak izan dituzten lankideak ere badaude, jendeak galtzadaren ezkerraldean aparkatzean egiten dituen maniobrengatik.
Espaloia estutzeko behar diren lanak egitea eskatzen dugu, galtzada zabalagoa eta guretzat edo gure ibilgailuentzat arriskurik gabekoa uzteko, edo, beste udalerri batzuetan bezala, oinezkoentzako bidea eta soilik taxientzako bidea egiteko.
Gure geltokiaren kokapenaren seinaleztapena hobetzea ere eskatzen dugu, jende askok ez baitu kokatzen, eta jaietan edo ekitaldi berezietan ez baikaude ikusteko moduan. Zurrumurru batzuen arabera, geltokia lekuz alda daiteke… Gaur egun, gure ikuspegitik, Juan Bautista Uriarte zuzenean jaisteko edo igotzeko aukera dugu (eta berehala autobidean sartzeko); beraz, uste dugu kokalekua aldatzea ez litzatekeela irtenbide praktikoa izango, ez guretzat, ez bezeroentzat.
Gure kokalekuan jarraitzea ezinezkoa bada, gure iritzia kontuan har dezazuela eskatzen dizuegu, kokapena aldatzeko erabakia hartu aurretik.
Luzetzat jotzen dugu jasaten ari garen arazo bat konpontzeko itxaronaldia, eta ikusita ez dela parte hartzen konponbide baten jardueran, orain arte ez baitira aintzat hartu gure eskaerak, gure sektorearekiko kezka edo horren egoera, beste behin jartzen gara harremanetan. Konponbide bat ahalik eta azkarren jasotzeko zain gaude».
Udalak bere aldetik, arazo «aztertzen» ari dela azaldu dio BINKEri.