Galdakaoko Udalak «amaitutako proiektu propiorik ez izatea» salatu du EAJ-k
Politika
BINKE / 2021eko ekaina
Galdakaoko Udalak «amaitutako proiektu propiorik ez izatea» salatu du EAJ-k
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko Udal Gobernuaren bi urte hauetako balorazioa egin du gaur EAJ-k, eta «proiektu propiorik amaitu ez izana» salatu. Horrela ba, «etsigarritzat» jo dute gobernuaren kudeaketa, eta orain arte «isilik» egon badira ere, «pazientzia amaitzen» doala adierazi dute zinegotzi jeltzaleek.
Bi urte pasa dira Udal Gobernu aldaketa gauzatu zenetik Galdakaoko Udalean, eta bi urte horien osteko lehenengo prentsaurrekoa eskaini du gaur Euzko Alderdi Jeltzaleak, Fernando Izagirre buru dela.
EH Bilduk, Auzoak-ek, Podemosek eta Usansolo Herriak osatzen duten gobernuaren orain arteko kudeaketa «etsigarria» dela esanez hasi du Izagirrek bere balorazioa: «Ez dute proiektu propio bat ere amaitu, zero, eta ez dute prozesu parte-hartzaileetan proposatutako proiektu bakar bat ere gauzatu».
Gainera, Galdakaoko EAJ-k berak ere egindako proposamen guztiei ezezkoarekin erantzun izana salatu du Udal Gobernua, eta orain arte Iñigo Hernandok eta bere ekipoak egindako proiektu gehienak, «aurreko Udal Gobernuetan alderdi honek hasitako edo bideratutako proiektuak baino ez» direla izan gaineratu du Aintzane Urkiza zinegotzi jeltzaleak, «eurenak eginez gureak izan diren ekimenak».
Zorrotz kritikatu dute EAJ-ren egoitzan eskaini duten aurkezpenean Gobernu Taldea: «Egungo gobernu taldeak aldaketa eta kudeaketa onaren titular handiak saldu zituen, baina erritmo honetan, hartutako konpromiso asko betetzetik urrun dago». Udal Gobernuak iragarritako ehun neurrien inguruan galdetuta, Izagirrek esan du «oso konplikatua» ikusten duela denak gauzatu ahal izatea, eta galdetu: «Non daude gobernu honen proiektu propio eta izarrak? Non dago haurreskola? Non dago Emakumearen Etxea? Non daude komertzio eta ostalariei banatu ez zaizkien dirulaguntzak? Non familientzat bideratu ez dituzten laguntzak?…».
Are gehiago, jeltzaleek uste dute lanak gauzatu ahal izateko geratzen den urte eta erdi luzean ezinezkoa izango duela Udal Gobernu honek «patxadazko proiektu bakar bat amaitu ahal izatea». «Eta beteko balu? Gu pozik, Galdakaok hobetzen jarraituko duelako, baina oso konplikatu ikusten dugu», gaineratu du EAJ-ren ordezkari nagusiak.
Alkateak iragarri zituen proiektu berri gehienak «Galdakaoko Udalak bere aurreko legegintzaldi guztietan gorde izan duen soberakinetik» egin gura dituztela gogorarazi du jeltzaleak, «eurek beti kritikatu izan duten soberakinetik».
Oposizioan dagoenetik, komunikabideen aurrean Galdakaoko EAJ-k egindako lehenengo agerraldia izan da gaurkoa, eta Binkek orain arteko isiltasunagatik galdetu duenean, Izagirrek irmoki erantzun du: «Arduragatik. Jarrera leiala dugu eta izan dugu, ulerkorrak eta kolaboratzaileak izaten saiatu gara, badakigulako zer den gobernatzea, baina gure pazientzia amaitzen doa».