Galdakaoko Udalak hobekuntzak egin ditu hiru kirol gunetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
«Herritarrek azpiegiturak hobeto eta gehiago baliatzeko» helburuz, hiru kirol gune hobetu ditu Galdakaoko Udalak: Elexaldeko eta Unkinako kiroldegiak eta Unkina eskola. Hemen batu ditugu lanen xehetasunak.
Galdakaoko Udalak «herritarrek azpiegiturak hobeto eta gehiago baliatu ditzaten» nahi du eta horretarako hobekuntzak egin ditu hiru kirol gunetan. Zehazki, Elexaldeko eta Unkinako kiroldegietan eta Unkina eskolan egin dituzte hobetze lanak.
Elexalden, futbol zelaiko eta atletismo pistako argiteria erabat berritu da. Bertako kableatua lapurtu egin zuten eta horregatik berria jarri da. Bide batez, LED sistema ezarri da eta fokuak, hogei guztira, izango dira LEDezkoak. Horrela, argitasuna areagotzearekin batera, «argiteria gastua murriztu egingo da».
Unkinan aldiz, bi eremutan izan dira hobetze lanak. Alde batetik, kiroldegiko kantxako foku guztiak berritu egin dira LED sistemara igarotzeko. «Energia aurreztu eta argitasuna hobetuko da horrela, azaldu dute Udaletik.
Halaber, kantxako zoruaren zati handi bat konpondu da. Oholezko zorua hezetasunak jota zegoen eta kaltetutako eremua berritu egin da. Hainbat kirolean aritu ahal izateko kirol lineak margotu dituzte ondoren.
Bestalde, Unkina eskolan aterpea eraiki dute. Ikastetxearen eta tokiko kirol kluben «aspaldiko eskaerari bide emanda», aterpea eraiki zaio eskolaren jolastokiari. Zati handi bat estalia du beraz, orain, eskolako umeek eta bertako kirol taldeek «atarramentu handiagoa atera ahalko diote jolastokiari».