Galdakaoko udalbatzak Estatuko Abokatutzaren errekurtsoari helegitea jartzea onartu zuen atzo
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Atzo, urtarrilak 26, Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen eta hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Besteak beste, Usansoloren segregazioaren kontra Estatuko Abokatutzak jarritako errekurtsoaren aurrean helegitea aurkezteko erabakia hartu zuen.
Bizkaiko Batzar Nagusiek azaroaren 23an hartu zuten Usansoloren segregazioa onartzeko erabakia baina aste batzuk beranduago Estatuko Abokatutzak errekurtsoa jarri zuen, prozesua geldiaraziz. Binkek jasotako moduan, Bizkaiko Aldundiak ere atzera pausoa eman du, Usansolo eratzeak prebarikazio-delitua ekar dezakeelakoan.
Halaber, Aldundiak eta Galdakaoko Udalak, bakoitzak bere aldetik, Espainiako errekurtsoari helegitea jartzea erabaki dute eta aste honetan bertan egingo dute.
Udal Gobernuaren erabakia atzoko osoko bilkuran hartu zen. Jakinarazi dutenez, «egindako bidea defendatzeko prozeduran demandatu gisa aurkezteko erabakia hartu dugu».
EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria, Podemos eta EAJren aldeko 18 botoekin eta 3 abstentziorekin, PSE-EE eta atxiki gabeko zinegotzia, hartu zen erabakia. Aurretik, puntua gaiordenean sartzea aho batez onartu zen.
Beste hainbat gai uztartu ziren atzoko osoko bilkuran, besteak beste, PSE-EEk gardentasuna eskatzeko aurkeztutako mozioa, Etxebarriko Metro geltokira doan autobusaren ibilbidea eta gazteen emantzipazioari begira eraikiko diren zuzkidura bizitokiak.