Galdakaon adingabeei egindako ustezko eraso sexualak gaitzetsi ditu Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon sei adingaberi sexu-harremanak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Erasoak gaitzetsi ditu Galdakaoko Udalak eta «premiazko» bilera deitu du biktimentzako arreta koordinatzeko. Hemen batu dugu Udalaren adierazpen instituzionala, hitzez hitz.
Ertzaintzak 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu ditu Galdakaon sei adingaberi sexu-harremanak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Lehen atxiloketa azaroan izan zen eta bigarrena atzo, Ertzaintzak ezagutzera eman duenez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, biak aske utzi dituzte epaiketaren zain, epaitegian agertzeko betebeharrarekin.
Adingabeei egindako ustezko erasoak gaitzetsi ditu Galdakaoko Udalak eta «premiazko» bilera deitu du «informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimentzako arreta koordinatzeko».
Hona hemen Udalaren adierazpen instituzionala, hitzez hitz:
«Galdakaoko Udalak, alderdi politiko guztien adostasunarekin, gure udalerrian gertatutako erasoak gaitzesten ditugula adierazi nahi dugu, baita biktimenganako eta haien ingurukoenganako babesa ere.
Udalak premiazko bilera deitu du informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimentzako arreta koordinatzeko.
Azpimarratu nahi dugu indarkeria horiek Giza Eskubideen urraketa larria direla, eta lehen mailako arazo sozial bat, indarkeria jasaten dutenen eta aurre egiten dietenen duintasunari eta osotasun fisiko eta moralari eraso egiten diena.
Ildo horretan, Udalak, Giza Eskubideen erabilera eraginkorra bermatzeko ardura duen erakunde publikoa den aldetik, neurriak bultzatzen jarraituko du, udal-erakundeek eta herritarrek, oro har, edozein erasori berehala eta irmo erantzun diezaioten, biktimei lehentasunez kasu egin diezaieten, prebentzio-jarduerak gara daitezen, herritarrei, bereziki ahulenei, indarkeriari aurre egiteko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzeko tresnak emateko.
Era berean, biktimei eta haien inguruari arreta ematearen lehentasuna azpimarratu nahi dugu, eta, horregatik, hemendik, ditugun zerbitzu guztiak eskaini nahi dizkiegu. Horretarako, gizarte zerbitzuetara joan daitezkeela jakinarazten die Udalak, eta 688 830 480 telefono zenbakia ere aktibatu dela behar duten arreta eskaintzeko.
Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenak gauzatzen laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, indarkeriarik gabeko bizitzak bermatzeko».
Horregatik guztiagatik, Udalak babestu egiten ditu mugimendu feministako taldeek egingo dituzten gaitzespen ekitaldiak, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu horietan parte hartzera.