Galdakaon aparkatzeko arazoak ugaritzen ari direla salatu du EAJk
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Galdakaoko EAJk herrian aparkatzeko arazoak «ugaritu» direla salatu du eta Udal Gobernuaren «aurreikuspen faltaren ondorioz» gertatzen ari dela azaldu du. Hainbat obra aldi berean ez egitea eta alternatibak eskaintzea eskatu diote jeltzaleek Udalari.
Galdakaon hainbat obra aldi berean egin direla eta aparkalekuak kendu direla salatu du EAJk. Horren ondorioz aparkatzeko arazoak ugaritzen ari direla azaldu dute jeltzaleek eta «aurreikuspen falta» izan duela leporatu diote Udal Gobernuari.
Jada iaz, uztaileko osoko bilkuran, Iberluze eta Berezikoetxe eremuan lurpeko aparkaleku bat sortzeko azterketa eskatu zion EAJk Udalari, kendutakoaren alternatiba gisa. «Inguruko bizilagunei zuzenean kaltetu izanaz gain, udalerrian dagoen aparkaleku-arazoa neurri handi batean areagotu da eta denborarekin kezkagarria izan da, merkataritzan eta Galdakaoko zerbitzuetan ere eragiten dituen ondorio guztien ondorioz», adierazi dute jeltzaleek.
Honen aurrean, Udal Gobernuari haien «aurreikuspen eta kudeaketa faltatik eratorritako arazoei» alternatibak bilatzea eskatu dio EAJk.
Horretarako, obrak antolatzeko «arrazoizko» egutegia egitea aldarrikatu dute, hainbat obra aldi berean ez egiteko edo behintzat espazio berean ez egitea aurreikusteko.