Galdakaon atxilotutako ertzaina Logroñoko espetxeko modulu berezi batean sartu dute
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Logroñoko espetxea
Irailaren 29an droga trafikoagatik Galdakaon atxilotutako ertzaina Logroñoko espetxean sartu dute, baina polizia diren presoentzat egokitutako modulu «seguruago» batean. Ikerketa oraindik zabalik dago, baina 9 urte arteko espetxe zigorra jaso dezake ertzainak.
Bere Galdakaoko etxebizitzan, beste kide batekin batera, 54 kilorekin atzeman zuten ertzaina Logroñoko espetxean behin-behinean sartu dute, El Correo egunkariaren arabera. Bere kidea berriz, Basauriko espetxean.
Ordea, «segurtasun neurriak direla eta», ez dute A.S.M. ertzaina gainontzeko presoekin batera sartu, eta polizientzako modulu berezi batean sartu dute. Logroñoko espetxeak polizia presoentzako aparteko leku bat omen dauka, aipatutako egunkariaren arabera, eta pasa den irailaren 30 gauean eraman zuen Guardia Zibilaren konboi batek bertara.
Oraindik ikerketa zabalik dago, eta beraz, bete beharko duen zigorra zenbatekoa den ezagutzera eman ez badute ere, 6 eta 9 urte bitarteko espetxe-zigorra ekar dezake kontuan hartuta garrantzia handiko astungarritzat jotzen dela drogen trafikoan ibilitakoa ertzaina dela.
Ertzaina da, baina El Correo egunkariaren iturriei kasu eginda, baja luzean darama atxilotutako gizonak; nahiz eta ez Eusko Jaurlaritzak ezta aipatutako hedabideak ere ez duten arrazoitu «baja luze» hori.