Ingurugiroa
BINKE / 2022ko maiatza

Galdakaon eta Usansolon kendutako loreak herritarren artean oparituko ditu Udalak

TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala

Negukoak kendu eta udarako egokiagoak diren lorak jarriko ditu Galdakaoko Udalak datozen egunotan. Horregatik, kendutakoak herritarren artean banatuko dituzte lorazaintzako langileek eguazten eta eguen honetan, udaletxe alboan 10:00etatik aurrera.

Udara begira jarri dira dagoeneko Galdakaoko Udalaren langileak, horregatik neguko landare koloretsu baina gogorragoak kendu egin dituzte eta udakoak jarri. Kendutako lore horrek berriz, herritarren artean banatuko dituzte udal-langileek.

Banaketa eguazten eta eguen honetan, maiatzak 11 eta 12 hurrenez hurren, egingo da udaletxearen eta Kurtzeko kioskoaren alboan. Goizeko 10:00 eta 12:00 bitartean izango dira bertan eta nahi dituenak bertatik pasa beharko du loreen bila.

Landare bakoitzak bere baldintzak behar ditu bizirauteko, eta meteorologiak eragin handia du horretan, horregatik ohikoa da landareak udaberrian eta udazkenean aldatzea.

Udazkenean lehenengoz banatu zituen Udalak kendutako loreak herritarren artean, eta ekimenak arrakasta izan zuelakoan, berriz errepikatuko dute asteon: «Herritarrek pozarren eraman zituzten etxera Udalak emandako landareak». Oraingoan ere agortu arte banatuko ditu guztiak, eta aurrerantzean hala egiteko asmoa du Galdakaoko Udalak udaberri eta udazkenero.