Galdakaon Triatloi Eskola sortu gura dute lehenengoz
Kirola
BINKE / 2021eko abendua
Galdakaon Triatloi Eskola sortu gura dute lehenengoz
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakao Triatloi Taldeak gaztetxoen eskola sortu gura du, eta izen ematea ireki du horretarako.
Ez dira urte asko pasa Galdakaok Triatloi Taldea sortu zuenetik, eta geroztik hara eta hona dabiltza taldeko kideak, lasterketa batetik bestera. Bakoitza bere mailan, bakoitza bere onena ematen, baina denak hiru kirol batzen dituen modalitate honen bueltan gozatzen. Ordea, horretan ari diren kirolari guztiak adinez nagusiak dira, eta «hainbeste maite dugun triatloia belaunaldi berriei transmititzeko gogoz» sortu gura dute Triatloi Eskola berria, «herriko lehena», Richard Gomez, Javi Delgado eta Joseba Loroño taldeko kideek Binkeri adierazi dioten bezala.
Izen-ematea zabalik dago eta 8-13 urte bitarteko gaztetxoek eman dezakete izena. Entrenamenduak hilean behin egingo dira —zapatu edo domeka arratsaldez— eta erabat osagarriak izango dira gazteen egungo kirol jarduerarekin. Urteko 60€ko kuota ordaindu beharko dute interesa duen haurraren gurasoek eta kuota horren barne sartuko zaio parte-hartzaileari triatloian aritzeko jantzia, ekipoko sudadera, lehiaketetarako izen-ematea eta materialaren lekualdatzea —gurasoak gaztearen bizikletarekin ibili behar ez izateko—. Ekimen honen atzean, Galdakao Triatloi Taldea babesten, Galdakaoko Udala, JioRings eta Clínica Dental Loroño daude.
Izena emateko
Deitu edo idatzi
649186276
triathlongaldakao@gmail.com