Galdakoztar bi Lehen Maila Nazionalera igo dira Indartsu taldearekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Indartsu Kluba
Indartsu Klubeko neskak ligako txapeldun izan dira eta Lehen Maila Nazionalera igotzea lortu dute. Taldekideen artean bi galdakoztar daude: Enaitz Cuevas bigarren entrenatzailea eta Andrea Salan jokalaria. Azken honekin hitz egin du Binkek igoeraren inguruan.
Ligako txapeldun izan dira aurten Basauriko Indartsu taldeko neskak, guztira 54 puntu lortu ostean. Lehen postuarekin Lehen Maila Nazionalera igotzea eskuratu du taldeak, «emaitza historikoa lortuz» klubaren esanetan.
Talde honetan bi galdakoztar aritzen dira gaur egun: Enaitz Cuevas bigarren entrenatzailea eta Andrea Salan jokalaria. Gaztea taldeko golegilea izan da eta igoera fasean 11 gol sartu ditu guztira. «Sailkapena ikusita, nire ustez golen afera oso garrantzitsua izan da guretzat. Gol gose handia izan dugu, bai nik eta baita nire kideek ere. Baina golaz aparte, beste gauza batzuk behar egin behar izan ditut eta gustura. Horregatik garrantsitzua izan nazela sentitzen naiz», adierazi du golegileak bere paperaren inguruan.
Taldearentzat lortutakoa «hunkigarria» izan dela aitortu du Salenek: «Urtean zehar fase ezberdinetatik igaro izanak indartsuago egin gaitu eta talde bezala gehiago batu gaitu, denboraldia hasi genuenean ez genuen pentsatuko iritsi garen lekura iristea. Pozik, gustura eta disfrutatzen amaitu dugu denboraldia».
Denboraldi hasieran bi helburu zituzten: mailaz igotzea eta liga irabazten ahalegintzea. «Esandako guztia lortu eta gero, pozik eta indarrez amaitu dugu hurrengo denboraldiari begira», azpimarratu du.
Etorkizunera begira daude honezkero baina denboraldi honetan lortutakoa ahaztu gabe, izan ere, Indartsu Klubean nesken taldea sortu den lehen urtea izan da hau. «Lan gogorrak eta egunero %100 emateak talde bat egin gaitu, letra larriz», nabarmendu du gazteak igoeraren gakoen inguruan.