Galdakoztar bi, lehenengoz, artzai txakurren espainiar estatuko txapelketan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitarte Murgian antolatuko da Espainiako Artzai Txakurren txapelketa, ABCT elkarteak antolatuta. Bertan izango dira, lehen aldiz, Bittor Bengoetxea eta Juanra Askargorta galdakoztarrak. Eurekin batu da Binke Bekelarreko landa eder batean, txakur eta ardi artean, xehetasun gehiago emateko.
Bigarren urtez Euskal Herrian antolatuko da espainiar estatuko artzai txakurren txapelketa, Arabako Murgian, apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitarte. Eta bertan, lehenengoz, galdakoztar bi izango dira parte-hartzaile: Bittor Bengoetxea Altamirako herrikidea eta Juanra Askargorta Bekelarreko bizilaguna.
Iazko edizioan izan ziren bai Bengoetxea eta bai Askargorta txapelketan, baina ez zuten parte hartu. Aurten berriz, bai, parte hartzera animatu dira. Eta ez dute lan erraza izango, iaz 60 parte-hartzaile inguru aritu baziren, aurten 80tik gora ere izango direlako, artzai galdakoztar biek Binkeri kontatu diotenaren arabera.
‘Asociación Border Collie de Trabajo’ (ABCT) da txapelketa honen antolatzailea. Bada, bi galdakoztarrak Border Collie arrazako hiru txakurrekin joango dira lehiara: Juanra Askargorta Bat txakurrarekin joango da, eta Bittor Bengoetxea Izar eta Puppy anai-arrabekin. ABCT-k antolatzeak eta bi galdakoztarrak arraza honetako txakurrekin joateak ez du esan gura, baina, txapelketan parte hartzeko derrigorrezko baldintza denik. Argi utzi diote hedabide honi bi artzaiek: «Geu Border Collie txakurren aldekoak bagara be, txapelketetara euskal artzai txakurragaz be joan zeinke, edo zuk gura dozunagaz».
Espainiako txapelketa honetan hainbat ariketa egin beharko ditu parte-hartzaile bakoitzak, eta guztiak egongo dira «baserriko eguneroko lanakaz lotuta», azaldu dio Askargortak Binkeri. Ariketa horiek egiteko ez dituzte euren ardiak erabiliko, ohi den moduan. Hala azaldu du Bengoetxeak: «Neutralagoak izateko eta ardiek txakurra ez ezagutzeko, antolakuntzak jarri ohi ditu artaldeak, sei buruko hiru artalde». «Eta horretxek dira kontrolatzeko txarrenak, sei buruko artaldeak, gutxi diralako!», baieztatu diote barrez artzaiek aldizkari honi.