
Ganguren Mendi Taldea, 80 urte naturaz eta bizipenez beterik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Galdakaoko udal artxibotik hartutakoak
Galdakaon eta Euskal Herria osoan erreferente den Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten. Ospatzeko eta «jendeari gure ibilbidea ezagutarazteko», taldeak antolatutako ekintzen hainbat argazki jarri dituzte ikusgai Galdakaoko udal artxiboan. Honen harira, taldearen historiari buruz gehiago sakondu nahi izan du BINKEk ondoko erreportajean.
Ospakizun urtea da 2025 Galdakaoko hainbat elkarterentzat. Besteak beste, Andra Mari Dantza Taldea sortu zenetik 75 urte bete dira aurten eta Adiskide Pilota Elkartearen 50. urteurrena da ere. Halaber, herrian eta Euskal Herria mailan erreferente bihurtu den taldearen urteurrena da aurten: Ganguren Mendi Taldearena.
Taldea duela 80 urte jaio zen, Galdakaon mendira joatea gustoko zuen jendearen eskutik. Jendearen gogoek Jesús Altuna, Víctor Legorburu eta Kepa Yurrebaso bultzatu zituen 1945ean Ganguren Talde Alpetarra sortzeko. Kluba hurrengo urtean legeztatu zen eta lehenengo 50 pertsonak fundatzailetzat jo ziren. Bere estatutuetan —Athletic Clubenak hartu zuten erreferentzia gisa— emakumeak bazkide bezala sartu ziren eta lehenengo bi asteetan hamaika pertsonek eman zuten izena. «Emakumeak taldearen barruan sartu izana iraultzailea zen garai hartarako», adierazi du Eduardo Olea Ganguren Mendi Taldearen presidenteak.
Babeslekua eraiki. Lehen urteetan tokiko jardueretara bideratu zen taldea, garai hartako murrizketa ekonomiko eta politikoengatik. Isilpean prestatu behar ziren, udaltzain bat egon behar zelako beti. Bilerak Josu Altunaren bizartegiko lokalean egiten ziren, posta jasotzeko eta klubaren zein beste elkarte batzuen abisuen eta irteeren berri emateko.
Ekintzen artean, Gorbeiatik gertu dauden mendietarako sarbidea erraztuko zuen babesleku propioa izateko asmoarekin, Gangurengo mendizaleek Arrabako zelaian babesleku bat eraikitzea erabaki zuten 1949an, 1953an inauguratu zena. Denboran zehar, aterpea handitu eta hobetu egin da bazkideen eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. 1953an 151 bazkide zeuden eta garai horretan hasi ziren mendi garrantzitsuetara egindako lehen igoerak, Aneto eta Naranjo de Bulnes, esaterako.

Zilarrezko ezteiak. Hurrengo hamarkadako lehen urteetan geldialdia gertatu bazen ere, 1968tik aurrera bere historiaren etapa berri batean sartu zen Ganguren MT. Urte horretan bertan egoitza berri bat inauguratu zuen eta 1970ean, 647 bazkiderekin, zilarrezko ezteiak ospatu zituen. Denboraldi horretan klubak bere jarduerak dibertsifikatu zituen, haurrentzako eta familientzako txangoak sustatuz, eta kultura, jolas eta goi mendiko jardueren arloak ere sortuz.
Horren ondorioz, 44 lagunek Mont Blanc (4.807 m) eta Gran Paradiso (4.061 m) igo zituzten Alpeetan. Horrek guztiak zuzenean eragin zion klubaren hazkundeari eta hamarkada amaierarako lokal sozialean zegoen espazioari. Horregatik, 1980an Gangurenek gaur egun Galdakaoko Gipuzkoa kalean duen egoitza inauguratu zuen eta 1982an, eskalada bultzatzeko rokodromoa ireki zuten.
XX. mende hasieran dagoeneko 2.700 bazkide baino gehiago zituen klubak eta hain zuzen bazkide batzuen ekimenetik abiatuta, ibilbide luzeko beste martxa bat proposatu zuen taldeak lehen aldiz 2003an: Mugarriz Mugarri martxa, gaur egun egiten jarraitzen dena. Zazpi Trokak proba ere sortu zuen taldeak duela urte batzuk eta Euskal Herri osoko trail kirolariak etortzen dira ordutik urtero herriaren inguruan lasterka egitera.


Pertsonak, taldearen arima. Urteak aurrera egin ahala beraz, taldeak garapen handia izan du eta tartean ehunka ekintzetan parte hartzeko aukera izan dute kideek, orain Galdakaoko udal artxiboan ikusi daitezkeenak taldeak utzitako argazkien bitartez.
Hain zuzen, «pertsonak direlako talde honen arima», Olea presidentearen hitzetan: «Garrantzitsua da Gangurenek egindako guztia azpimarratzea baina are gehiago horren atzean dagoen jendearen lana nabarmentzea».
Bere alaba Zuriñek, gaur egungo zuzendaritza taldean ere parte hartzen duenak, argi du: «Talde honek egiten dituen ekintza guztiak boluntarioei esker aurrera ateratzen dira eta horregatik asko eskertu nahi diegu egiten duten lana».
Familia kontua da mendia Oleatarren etxean. «Ni hiru urterekin sartu nintzen taldera, guraso, ahizpa eta lehengusuekin domekero joaten ginelako mendira gure kabuz eta ordutik aurrera taldearekin», azaldu dio BINKEri.
«Hainbat eta hainbat oroitzapen ditut urte guzti hauetan egindako ekintzetaz, eta denak politak», dio Zuriñek. Hala ere, mimo handiz gogoratzen ditu batez ere eskolarekin egindako irteerak eta sari banaketak: «Gangurenek txapelketak antolatzen zituen eta familia osoa emozio handiz joaten ginen sari banaketetara. Umea zarenean urduritasun handiz bizitzen dituzu une horiek», dio barrezka.

Familien tradizioa. Edu Olea, Zuriñe Olea eta beste hainbat kiderekin batera Iñigo Urizar ere dabil Gangureneko zuzendaritzan murgilduta. Urizar duela 25 urte inguru sartu zen taldean, familia tartean egon zela ere. «Ganguren familia tradizio bat da herrian eta asko gure gurasoen eraginagatik hasi ginen taldean», adierazi du Urizarrek.
Gurasoekin egindako irteerak «oso politak» zirela gogoratzen ditu hain zuzen Urizarrek, Ganguren mendira egiten zituztenak batez ere: «Ez zegoen gaur egun jaietan egiten den igoera tradizionala baina hainbat alditan joaten ginen urtero Ganguren mendiaren inguruetara eta asko disfrutatzen nuen, herriko jende asko animatzen zelako eta lagunekin eta familiarekin egoteko aukera ematen zutelako irteera hauek».
Edu Olea aldiz, Bilboko beste mendi talde batean hasi zen, eta alabak Gangurenen sartu zirenean eman zuen pausoa hark ere. Taldean gero eta inplikazio handiagoa izaten hasi zen, duela urte batzuk presidente bihurtu arte. «Niretzat ere familiari oso lotuta dagoen elkartea da», adierazi du.

Gazteei zuzendutako deia. Hirurak bat datoz taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzen duen jendearen profila «batez ere nagusitxoak» direla esatean. «Umeei zuzendutako ekintzak ere badaude, eta eski egiteko irteeretan adibidez gazteek ere parte hartzen dute baina egia da orokorrean nagusiak direla Gangurenekin mendira gehien etortzen direnak», dio Zuriñek.
Horregatik, dei bat egin nahi dute taldetik jende gaztea erakartzeko. «Gure elkartea edo beste edozein talde herri batean irauteko gakoa transmisioa da, hau da, belaunaldi berriek gutxinaka ardura hartzen joatea, eta hori gero eta zailagoa da, bakoitza berera doalako gero eta gehiago», azpimarratu du Urizarrek.
Gizartea aldatu da, eta mendira joateko modua ere. Hori ere argi dute hirurek, batez ere teknologia berriek eman dituzten erraztasunei esker. «Lehen jendea klubetara etortzen zen informazio eta mapen bila eta orain hori klik batean dugu», azaldu du Zuriñek. «Hala ere, mendi talde batek ematen dizun erosotasuna ezin da konparatu. Gurekin mendira etortzen bazara adibidez, ibilbidearen, zailtasunaren eta xehetasun guztien berri ematen dizugu, eta gainera lekura autobusez heltzeko aukera eskaintzen dugu», adierazi du Urizarrek.
Menditik haratago. «Ganguren mendi talde bat baino askoz gehiago da. Kulturaren eta euskararen aldeko apustu handia egiten dugu etengabe eta hori gure jardueretan ikusi daiteke», azaldu du presidenteak. «Natura eta mendizaletasuna bultzatzen ditugu noski, baina oso garrantzitsuak diren beste balio batzuk ere: eskuzabaltasuna, elkartasuna, adiskidetasuna, elkarbanatzearen garrantzia…», nabarmendu du Urizarrek.
«Hori da nire ustez 80 urte irauteko gakoetako bat, erreferente bihurtu garela mendizaletasunetik abiatuz eskaintzen dugu guztiagatik», dio irribarretsu presidenteak. •



