Ganguren Mendi Taldearen ondarea ikusgai dago Galdakaoko udal artxiboan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ganguren Mendi Taldea
Aurten 80 urte bete dituen Ganguren Mendi Taldearen jarduna herritarrei zabaltzeko asmoz, Galdakaoko Udalak mendi elkartearen funtsaren zati bat digitalizatu du. Guztira 233 dokumentu ikusi daitezke udal artxiboan, besteak beste, argazkiak, araudiak eta estatutuak.
Ganguren Mendi Taldeak, Galdakaoko elkarte handienetako eta garrantzitsuenetakoak, 80 urte bete ditu aurten. Ekintzaz beteriko urteak izan dira eta munduko hainbat txokotan bizi dituzte esperientziak.
Hain zuzen, esperientzia hauen harira sortutako ondarea digitalizatu du orain Galdakaoko Udalak, taldeak egindako jardueren lagin bat zaindu, kontserbatu eta herritarrei zabaltzeko.
Guztira 233 dokumentu digitalizatu, deskribatu eta sailkatu dituzte eta horien artean argazkiak daude batez ere, baina planoak, araudiak, estatutuak eta abar ere badaude. Guzti hori herritarren eskura dago honezkero Galdakaoko udal artxiboan.
Jesus Altuna, Victor Legorburu eta Kepa Yurrebaso galdakoztarrek sortu zuten Ganguren Mendi Taldea 1945ean. Kluba hurrengo urtean legeztatu zen eta lehenengo 50 bazkideak fundatzailetzat jo ziren.
Ordutik, hainbat eta hainbat ekintza antolatu dituzte munduan zehar eta gero eta bazkide gehiago batu dira taldera. Gaur egun 2.700 bazkide baino gehiago ditu eta aurtengo ekintzen egitaraua argitaratu du honezkero taldeak, BINKEk jaso zuen moduan.