Gangurenen eraiki gura duten zabortegiaren aurka ehunka pertsona batu ziren
Hondakinak
BINKE / 2022ko ekaina
Gangurenen eraiki gura duten zabortegiaren aurka ehunka pertsona batu ziren
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Lezama Bizirik
Domekan astea beteko da ehunka lagunek Ganguren mendiaren magalera manifestazioa egin zutenetik, bertan egin gura duten —eta Uraren Euskal Agentziak oniritzia eman dion— zabortegiaren aurka aldarrikatzeko.
Astebete da tontorra Galdakaoko eremuan duen Ganguren mendiaren Lezamako magalera ehunka lagunek manifestazioa egin zutenetik, bertan eraiki gura baitute Zaldibarkoaren bikoitza izango litzateken zabortegia.
Pasa den domekan 150 lagun inguruk manifestazioa Lezaman hasi zuten 10:00 aldera, Txorierriko Aikor aldizkariak kontatu zuenez, gero zabortegia eraiki gura duten Eguskitza inguruan beste 50 lagun ingururekin batzeko. Eremu honetan dago izen bereko baserria, eta honen bueltan azaldu zituzten ekimenaren bultzatzaileek geldiarazi gura duten proiektuaren nondik norakoak.
Hauen esanetan, «oso argi ikusten da zabortegiak hartuko lukeen lur-eremua, zuhaitzak moztu eta garbiketa egin dutelako», aipatutako aldizkariaren arabera. Ganguren magalaren ingurutik ere mugitu ziren aldarrikapenarekin bat egin zuten kideek, tartean zabortegiaren proiektuan «protagonista» den Eguskitzako erreka ezagutzeko.
Binkek maiatzean aurreratu zuen legez, Uraren Euskal Agentziak Gangurenen magalean zabortegi handi hau eraikitzeari «oniritzia» eman bazion ere, «Lezamako Udalak eskatutako beste txosten batean jaso denez, proiektuak ez lituzke URAren irizpideak beteko», Aikorren esanetan, eta Lezamako Udalaren txostenak azpimarratutakoa batu zuen, aipatutako «errekaren jariatzeak 0,58 kilometro koadro hartzen dituelako, jariatze iraunkorra baita eta XX. mendean ur-hornidura publikoaren parte ziren iturburuak eta hartuneak baititu».
Pasa den domekako manifestazioa 12:00 aldera amaitu zuten, hitzaldi, musika eta guzti.