Gaur da Galdakaon euskara sustatzeko planean herritarrek ekarpenak egiteko azken eguna
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Euskara sustazeko plan berria sortzeko bidean dago Galdakaoko Udala eta herritarrek honetan ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Gaur, abenduak 8, da horretarako azken eguna eta Udalaren parte hartze plataformaren bitartez egin daiteke.
Galdakaoko Udalarentzat, herritar gehienek euskara jakin arren, «ezagutza hori ez da guztiz islatzen erabileran». «Hor dauka Udalak, oraindik ere, erronkarik nagusienetarikoa» eta hori dela eta, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana martxan egon da.
Oraingoan aldiz, AROA 2024-28 Plan Estrategiko berria sortzeko bidean ari da Udala eta fase honen planaren behin-behineko agiria partekatu eta herritarrek ekarpenak egiteko epea zabaldu du. Gaur, abenduak 8, da ekarpenak egiteko azken eguna eta Udalaren parte hartze plataformaren bitartez egin daitezke.
Udalak azaldu duenez, «metodologia parte hartzaile eta berritzaile hau gizarte eragileekin, mugimendu sozialekin eta Udaleko unitate teknikoekin elkarlanean burutuko da. Horrela, herriko eragile guztiek euskararen ikuspegia presente izango dute, modu positiboan eraginez», BINKEk jaso zuen moduan.