Gaur hasiko dira Lapurdi kalean espaloiak handitzeko eta argia hobetzeko lanak
Obrak
BINKE / 2022ko martxoa
Gaur hasiko dira Lapurdi kalean espaloiak handitzeko eta argia hobetzeko lanak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Earth
Ganekogorta kaleko lanak bideratuta, Lapurdiko lanei ekingo die Galdakaoko Udalak gaur bertan. Espaloiak handitu egingo dira eta argiteria hobetu, besteak beste.
Urtarrilaren 31n, Galdakaoko Udalak Ganekogorta eta Lapurdi kaleetan espaloiak handitzen, argiteria hobetzen eta beste hainbat lan hasiko zituela argitaratu genuen. Ganekogorta kalerarekin hasi ziren, eta behin kale horretako lanak bideratuta, Lapurdi kalekoak hasiko dira gaur.
Lan hauen helburua «galdakoztarren bizi kalitatea hobetzea» da, Udalaren esanetan, kale hauek «oinezkoentzako atsegin eta erosoago» bihurtzea, alegia. Horrela ba, gaur eguaztena —martxoak 23— hasiko dituzte Lapurdi kaleko lanak.
Lanok ekainean amaituko dituzte eta horrela azaldu dute Udaletik bertan egingo dutena, hitzez hitz: «Espaloiak zabaldu egingo dira, batetik. Bestetik, argiteria aldatu egingo da: egun hormetan dauden argiak jeitsi eta espaloira eramango dira, eta kontsumo txikiko sistema ezarriko da, eraginkortasuna nabarmen hobetuz: argi gehiago izango du kaleak eta energia aurreztuko da».
Lanak amaitu bitartean, ibilgailuentzat murrizketa batzuk egingo direla iragarri du Udalak ohar bidez: «Ezingo da kale honetan aparkatu, eta trafiko murrizketak izango dira, Lapurdi kaleko 16. zenbakitik 26.era eta 11. zenbakitik 19.era». Hala ere, Lapurdiko txandakako aparkalekurako eta garajeetarako joan-etorriak «uneoro ahalbidetuko» direla ziurtatu du erakunde berak.
Binkek urtarrilaren 31ko albistean argitaratu zuenaren arabera, eta Udalak hala adierazita, 648.513€ bideratu ditu Galdakaoko Udalak lan hauetarako.