Gaur ireki da Erlojupekoa filmaren castingetan izena emateko epea
Ikus-entzunezkoa
BINKE / 2021eko uztaila
Gaur ireki da Erlojupekoa filmaren castingetan izena emateko epea
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakoztarrak protagonista izango dituen Erlojupekoa film laburrean parte hartzeko izen-ematea gaur ireki da. Casting bi egingo dira: aktore eta figuranteak aurkitzeko lehena, eta filmaren grabaketan laguntzaileak bilatzekoa bigarrena.
Galdakaoko Udalak Udalbiltzarekin parte hartzen duen lehen egitasmoan —horren berri eman zuen Binkek albiste honetan—, Erlojupekoa film laburra herritarrekin osatu gura dute Bira ekoizpen etxekoek —argazkian, Leire Egaña zuzendaria eta Eñaut Tolosa gidoilaria—. Horrela, gidoia hainbat herritarrekin osatu zuten eta orain ikus-entzunezko honetan parte hartuko duten aktore eta figuranteen bila hasiko dira ekoizleak.
Filma urriaren 30etik azaroaren 3ra bitarte grabatuko da herriko kaleetan zehar, eta castingak irailaren 6 eta 7an egingo dira. Hala jakinarazi du Udalak: «Herria irudikatzen den eszenetan agertzeko jendea behar dute, herri giroa adierazteko adin, sexu zein jatorri desberdinetako pertsonen bila dabiltza Birakoak. Aukera ezinhobea da, antzestea gustoko duten herritarrentzat edo zine errodai baten esperientzia probatu nahi dutenentzat». Baina gainera, ekoizpenean lagundu gura dutenentzako castinga ere egingo da irailaren 13an.
Gaur ireki da bi castingetan —aktore edo figurante zein ekoizpenean aritzekoak— izena emateko epea eta irailaren 2ra arte bidali ahal izango dira eskaerak.
Castingetan parte hartzeko, erlojupekoa@gmail.com helbidera idatzi behar da, gaian CastingAF adieraziz aktore figuranteen castingean parte hartzeko, edo CastingE ekoizpenean parte hartu nahi dutenentzat.
Mezuan izen-abizenak, Nortasun Agiriaren zenbakia, adina, sexua, jaioterria eta telefono zenbakia adierazi beharko dira.