Gazteak aktibatzeko proposamen onena sarituko duen ‘GazT Nahaste’ lehiaketa martxan da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Pixelshot
Galdakaoko gazteek gazteentzat dituzten ideiak batu eta sarituko dituen ‘GazT Nahaste’ lehiaketa jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Honen bitartez herriko gazteengan eragin positiboa izango duen ideiarik onena aurkezten duen taldeak 2.000 euro irabaziko ditu.
Gazteei zuzendutako zerbitzuak «ikusgarriago eta eskuragarriago» izateko helburuz, ‘Galdakao GazT’ estrategia martxan jarri duela iragarri zuen duela aste batzuk Galdakaoko Udalak. Honen bitartez gazteei zuzendutako zerbitzu guztiek irudi komun bat izango dute eta euren ohiko komunikazio kanaletatik bideratuko dira, BINKEk jaso zuen moduan.
Estrategia honen baitan, GazT Berpiztu programaren bitartez, eta Galdakaoko gazteak aktibatzeko helburuz, ‘GazT Nahaste’ lehiaketa abiatu du Udalak. 17 eta 30 urte bitarteko gazte galdakoztarrei zuzendutako txapelketa da eta herriko gazteengan eragin positiboa izango duen ideiarik onena aurkezten duen gazte taldea 2.000 eurorekin sarituko du.
Aurkeztu daitezkeen ideien artean daude, besteak beste, kultur ekintzak, ekintza sozialak, gazteentzako interesgarriak izan daitezkeen sentsibilizazio ekintzak, kirol ekintzak, osasun arlokoak, aisialdi hezitzailea sustatzeko ekintzak, ingurumena zaintzekoak, kulturartekotasuna sustatzekoak, euskara eta euskal kultura bultzatu nahi dituztenak…
Taldeek gutxienez hiru pertsona izan beharko dituzte, 17 eta 30 urte bitartekoak, eta gutxienez taldearen erdiak Galdakaokoak izan beharko dute. Beren proposamenekin lotutako jarduera profesionalik egiten ez duten pertsona fisikoak edo elkarteak aurkeztu ahal izango dira, eta talde bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu.
Ideiak bideragarria eta irabazi asmorik gabekoa izan behar du. Gainera, genero ikuspegia kontuan hartu beharko da, eta gehienbat euskaraz garatu beharko da. Halaber, proposamenak gazteengan eragin zuzena izan behar du, eta haien partaidetza sustatu behar du herrian.
Ideiak ekainaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta epaimahaiak teknikoki baloratu ostean, ekainaren 24an publiko egingo da irabazlea. Ekintza urria, azaroa eta abendua bitartean egingo da.
Parte hartzeko edo informazio gehiago eskatzeko gazteberpiztu@galdakao.eus helbidera idatzi daiteke edo 688680840 telefonora deitu.