Gazteei eskualdeko enpresatan praktikak egiteko aukera eskainiko die Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Copyleft
Gaztedi Bekak programaren bitartez eskualdeko enpresatan praktikak egiteko aukera eskainiko die Galdakaoko Udalak 18 eta 25 urte arteko gazteei. Bekek sei hilabeteko iraupena izango dute eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
Aurten programa bi jarriko ditu martxan Galdakaoko Udalak eskualdeko udalekin batera gazteei praktikak eskaintzeko helburuz. Horietako batek, Gaztedi Bekak, 18 eta 25 urte arteko gazteei zuzendutako hogeita lau beka ez laboralak eskainiko ditu.
Eskualdeko enpresatan egingo dira bekak eta sei hilabeteko iraupena izango dute. Sei orduko jardunaren truke hilean 828€ euro jasoko dituzte gazteek. Dagoeneko izena eman daiteke, Galdakaoko Udaleko Gazteria Arloan: mlezameta@galdakao.net helbidera idatziz edota 944010598 telefono zenbakira deituz.
Beka hauek eskatzeko baldintza batzuk bete behar dituzte gazteek:
· 18 eta 25 urte artean izatea
· Arakaldon, Arrankudiagan, Arrigorriagan, Basaurin, Etxebarrin, Galdakaon, Orozkon, Ugao-Miraballesen, Urduñan, Zaratamon edo Zeberion erroldatua egotea
· Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emanda egotea
· Unibertsitateko titulua, erdi- edo goi- mailako prestakuntza zikloa, doktoregoak edo 3. mailako profesionaltasun- ziurtagiria izatea, edo azken urteko ikaslea izatea
· Jasotako prestakuntzarekin lan-esperientziarik ez edo hiru hilabete baino gutxiago izatea