Gazteen emantzipazioari buruzko hitzaldia eskainiko du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: R. C.
Galdakaoko Udalak gazteen emantzipazioari buruzko hitzaldi irekia antolatuko du barikuan, ekainak 14. Saioa Torrezabal Kultur Etxean izango da eta Gazteen Emantzipaziorako Bulegoaren teknikariak eskainiko du.
Duela hilabete batzuk Gazteen Emantzipaziorako Bulegoa martxan jarri zuen Galdakaoko Udalak, prozesu hori gauzatzeko eskura dauden informazio eta baliabide guztiak emantzipatu nahi diren gazteen eskura jartzeko.
Barikuan, ekainak 14, zerbitzu hau ezagutzera emateko eta bere funtzionamenduaren berri emateko hitzaldia antolatuko du Galdakaoko Udalak Torrezabal Kultur Etxeko 1. aretoan 18:00etan.
Hitzaldian emantzipatzeko lehen pausoei buruz hitz egingo da, eta gaur egun etxebizitza alokatzeko edo erosteko dauden aukerak aztertuko dira, alde onak eta zailtasunak aztertuz eta horiei buruz hausnartuz, eta edozein aukeratarako dauden laguntzak eta baliabideak zehaztuz.
Era berean, bertaratutakoek dituzten zalantza guztiak argitzeko ahalegina egingo du Gazteen Emantzipaziorako Bulegoaren teknikariak eta bertaratutakoek bulegoan banakako aholkularitza jasotzeko hitzordua eskatzeko aukera izango dute.
Bulego hori eguaztenero dago zabalik, 17:00etatik 20:00etara, Torrezabal Kultur Etxean. 675 70 00 89 telefonoan edo emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan jar daiteke harremanetan ere.