Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak eskainiko ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: R. T.
Abenduaren 19an urteko azken osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan, besteak beste, gazteei emantzipatzen laguntzeko dirulaguntzen oinarriak onartu ziren. Albiste honetan batu ditugu hauen xehetasunak.
Hilabete honetako eta urteko azken osoko bilkura egin zuen abenduaren 19an Galdakaoko udalbatzak eta arina izan zen saioa, «herritarrentzako garrantzitsuak» diren erabakiak hartu ziren arren. Besteak beste, gazteei emantzipatzen laguntzeko dirulaguntzen oinarriak onartu ziren eta 100.000 euro bideratuko dira horretarako.
Laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko galdakoztarrei bideratuta egongo dira eta hilean gehienez 160 eta 400 euro artekoak izango dira, urtebeterako, pertsona bakoitzaren baldintzen arabera, progresibitatea eta beharren baremazioak oinarri hartuta.
Dirulaguntza berri hau martxan jartzeko tramitazio guztiak amaitzerakoan, udaberrian, gazte galdakoztarrek eskaerak egin ahal izatea aurreikusi du Udalak.
Lehenik eta behin, eztabaida hau gaiordenean premiaz sartzea bozkatu zuen udalbatzak. EH Bildu, UH, Auzoak eta PSE-EE taldeek gaiari heltzearen alde egin zuten, eta EAJ-PNV abstenitu egin zen. Behin gaian sartuta, PSE-EEren hiru zuzenketetako bat ontzat eman du Gazteria zinegotziak eta eztabaidaren ondoren, udalbatzarrak aho batez onartu zuen erabakia.
Bestalde, Udalak 2024-2027 ekitaldietarako dituen kreditu konpromisoak egokitzea erabaki zuen, bi arrazoiengatik. Batetik, Txomin Egileor kalea eraldatu eta ibaiertzeko aisialdi gunearekin lotzeko egingo diren lanei dagokien konpromiso kreditua aldatzeko, obra proiektua berrikusi delako eta prezioak eguneratu direlako. 490.000 euro gehitu dira, eta beraz, aurten 1.590.000 euro bideratu dira, guztira, datorren urtean gauzatuko diren obretarako.
Bestetik, Geuretik Sortuak kultur proiektua 2025-2026 urteetarako konpromiso kredituetan sartzeko. Zehazki, 27.510 euro bideratuko dira datorren urtean egitasmoa gauzatzera, eta beste horrenbeste 2026an.
Azkenik, Auzotik Galdakao egitasmo parte-hartzailearen esparruan, 3, 4, 5 eta 6 eremuetako lurralde kontseiluak martxan jartzea onartu zuten alderdiek urteko azken osoko bilkuran.