Gazteentzako ‘Gurot’ tribial lehiaketa martxan da Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Sustatu.eus
Gurot, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoa, martxan da funtzio berritzaileekin. Bizkaiko 14 udalerrik parte hartzen dute lehiaketa honetan, haien artean Galdakaok.
Gurot, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko helburua duen tribial jokoa, funtzio berritzaileekin itzuli da. Bizkaiko 14 udalerritako udalek, haien artean Galdakaokoak, elkarlanean berritu dute aplikazioa erabiltzaileentzat «errazagoa eta erakargarriagoa» izan dadin.
Webgunean eta Play Store-n eskuragai dagoen jokoak gaur arte 3.000 galderatik gora ditu martxan, eta sei hilabeterik behin galdera berriak gehituko dira, bai galdera unibertsalak eta tokian-tokikoak. Zortzi esparrutako galderak daude guztira: aisia, artea, gizartea, hizkuntza, kirola, kultura, natura eta zientzia.
Lehiaketa honen edizio berria martxan da honezkero Galdakaon ere eta abenduaren 15era arte jokatuko da. Hala ere, erabiltzaileak edozein momentutan erregistratu daitezke berehala jolasten hasteko.
Gehienez ordubete aritu ahal izango da egun bakoitzeko eta, ateak guztientzako zabalik dituen arren, banatuko diren hiru sarien zozketan 12 eta 18 urte bitarteko gazteek soilik hartuko dute parte.
Hauek dira banatuko diren sariak: asteburu pasa zein esperientzia bonoak Tarragonako Port Aventuran, Toledoko Puy du Foun eta Euskal Herriko nekazal turismo etxe batean bizitzeko. Horiek lortzeko aukera izateko jokalariek ahalik eta puntu gehien bildu beharko dituzte galderei zuzen erantzunez.
Zozketak abenduaren 16an egingo dira eta sariak honela banatuko dira: lehenengo saria puntu gehien lortzen dituen erabiltzaileak jasoko du zuzenean; bigarren saria banatzeko zozketa egingo da puntu gehien egin dituzten 15 erabiltzaileen artean; eta hirugarren saria banatzeko zozketan puntu gehien egin dituzten lehen 50 erabiltzaileek hartuko dute parte. Sariak 2025eko urtarriletik abendura bitartean erabili beharko dira.