
Gemma Fernandez medikua, Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari-gerente berria
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Eusko Jaurlaritza
Jon Guajardok kargua utzi ostean, Gemma Fernandez medikua izendatu dute Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari-gerente berria. Fernandez Bilbo-Basurtu ESIko Kudeaketa Sanitarioko Unitateko zerbitzuburu izan da azken urteetan.
Karguan hamar urte baino gehiago eman ostean, Jon Guajardo Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari-gerente izateari utziko ziola iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela egun batzuk. Honen ordez, Gemma Fernandez medikua izendatu dutela ezagutzera eman dute orain.
Fernandez Bilbo-Basurtu ESIko Kudeaketa Sanitarioko Unitateko zerbitzuburu izan da azken urteetan eta 30 urteko esperientzia du kudeaketa eta arreta medikoan. «Kudeaketa zereginean ibilbide luzea daukanez gero, esperientzia eta ezagutza horrekin, Gemmak ekarpen handia egingo dio Barrualde-Galdakaoko ESIar», adierazi dute Osasun Sailetik.
Fernandezek ordea, erronka handia dela azpimarratu du: «Niretzat erronka pertsonala eta profesionala da, eta aurrerapausoa Osakidetzarekiko nire konpromisoan».