Gervasio Sánchezen ‘Indarkeriak, emakumeak, gerrak’ erakusketa hartuko du Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gervasio Sánchez
Bihartik aurrera eta apirilaren 28ra arte, Gervasio Sánchezen ‘Indarkeriak, emakumeak, gerrak’ erakusketa hartuko du Torrezabal Kultur Etxeak. Fotokazetariak nazioarteko gatazketan emakumeek sufritzen dituzten indarkeriak irudikatzen ditu argazki bilduma honetan.
Emakumeek nazioarteko gatazketan jasotzen dituzten indarkeriak ezagutzera emateko asmoz, argazki bilduma argitaratu Gervasio Sánchezek ‘Indarkeriak, emakumeak, gerrak’ izenburupean. Bihartik aurrera eta apirilaren 28ra arte Galdakaon ikusteko aukera izango da, Torrezabal Kultur Etxean.
Fotokazetariaren irudiek gerretako biktima zibilen istorioak aldarrikatzen dituzte, eta gatazkek amaitu ondoren ere irauten dutela erakusten dute. Bildumaren oinarria «amaitu gabeko istorioak» dira. «Istorio garrantzitsuak dira: emakumeek gatazka armatuetan jasaten dituzten indarkeria-ereduak kontatzen dituzte; argi uzten dute ezinbestekoak direla bakea lortzeko eta indarkeria amaitzeko genero-ikuspegia erabiltzea nazioarteko gatazketarako irtenbideak bilatzean eta berdintasuna izatea emakumeen eta gizonen artean», azaldu dute Udaletik.
Sánchez Kordoban jaio zen 1959ko abuztuan eta kazetaria da 1984tik. Zaragozan bizi da orain dela 33 urtetik. Heraldo de Aragón egunkarian argitaratzen ditu lanak, Cadena Ser irratian eta BBCn parte hartzen du, eta Albarracíngo Argazkigintza eta Kazetaritza Mintegia zuzentzen du 2001. urtetik.
Bihartik aurrera bere lana ikusteko aukera izango da Torrezabalen, astelehenetik ostiralera 17:30-20:30 ordutegian.