Gizon bat atxilotu dute Usansolon lau ibilgailutan lapurtzea leporatuta
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Criminal Defense
Ertzaintzak 43 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Usansolon, aparkatuta zeuden lau ibilgailutan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxiloketaren unean gizonak ibilgailu hauetatik ustez lapurtutakoak ziren objektu ugari zituen, besteak beste, kirol-poltsa bat, pantaila eramangarriak eta eguzkitako betaurrekoak.
Atzo goizaldeko 01:30ean gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Usansolon. Zehazki, Unkina plazan zegoen gizona eta aparkatuta zeuden lau ibilgailutan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatu diote.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, agenteek inguruan aparkatuta zeuden eta kalteak zituzten bi furgoneta eta bi auto aurkitu zituzten. Gainera, ibilgailuetako batzuen barruan elementu batzuk, besteak beste, nabigatzailearen pantaila edo irrati-panela lapurtu zituztela ere ikusi zuten.
Ondoren, egiaztatu zuten identifikatutako pertsonak ustez kaltetutako ibilgailuetatik lapurtutakoak ziren objektu ugari zituela, besteak beste, txirrindularitzako arropa zuen kirol-poltsa bat, pantaila eramangarriak, eguzkitako betaurrekoak, LED lanparak eta larrialdietako argiak.
Honen aurrean, patruilak gizona atxilotu zuen, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Ertzain-etxeko eginbideak amaitu ondoren, Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten.