‘Goazen 9.0’ eta ‘Besteen begiradak’ ikuskizunak hartuko ditu Torrezabalek asteburuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Binke
Musika oinarri duten ikuskizun bi hartuko ditu asteburuan Torrezabal Kultur Etxeak. Pausoka konpainiak gazteei zuzendutako ‘Goazen 9.0’ saioa aurkeztuko du zapatuan eta Galdakaoko Musika Banda Da Capok ‘Besteen begiradak’ kontzertua eskainiko du domekan.
Ekainera bitarte eskainiko duen egitarau zabalaren barnean, musika oinarri duten emanaldi bi hartuko ditu Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak asteburuan. Zapatuan, apirilak 1, ‘Goazen 9.0’ ikuskizuna eta domekan ‘Besteen begiradak’ kontzertua eskainiko ditu.
Pausoka konpainiak aurkeztuko du ETB1eko telesailaren moldaketa den ‘Goazen 9.0’ ikuskizuna. Itziar Gomezen gidaritzapean, aktore talde gazteak maitasun istorioak, gezurrak, abentura, musika eta dantza uztartuko ditu.
Gontzal eta Alain izango dira denboraldi berri honetako ikasle berriak eta haietako batek sekretu bat gordetzen du. Nola moldatuko dira berriak jada beteranoak diren gainerako ikasleekin?
Galdera honi eta beste hainbateri erantzuna ematen saiatuko da Pausoka konpainia zapatuan Torrezabalen, bi saiotan: 17:00etan eta 19:00etan. Sarrerak salgai daude 6 eta 10 euro bitarteko prezioan Torrezabalen eta webgunean.
Bestalde, Galdakaoko Musika Banda Da Capok ‘Besteen begiradak’ kontzertua eskainiko du domekan, 13:00etan. Saio honetan mota guztietako konposizioak entzuteko aukera izango da, besteak beste, euskal kulturaren elementuak, Antiguako baselizak eta paisaia fantastikoak. Emanaldi honetarako sarrera doakoa da.