Graffesta jaiaren laugarren edizioa ospatuko da zapatu honetan
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai, Binkeren artxibotik
Laugarrenez ospatuko da Graffesta zapatu honetan, urriak 15, eta «gazteak, kolorea eta artea izango diren protagonistak». Hemen batu du Binkek interesa dutenentzako informazioa eta egitaraua.
Zapatu honetan, urriak 15, ospatuko da laugarrenez Grafitien jaia Susterra elkartearekin batera; Graffesta, non «gazteak, kolorea eta artea izango diren protagonistak» Udalak iragarri duenez. Proiektu honek grafiti adierazpen artistiko bisuala du oinarritzat, eta Galdakaoko gazte batzuek jartzen dute martxan, Udalaren Gazte Berpiztu hezitzaile taldearekin batera.
Aurreko hiru edizioetan izandako arrakasta ikusita, talde lana bultzatu nahi izan da eta aurtengo festarako herriko gazte talde bat sortu da, zapatuko ekintzak antolatzeko helburuarekin.
Aurten jaialdiko ekintza guztiak anbulatorioaren ondoko tunelean eta inguruetan antolatuko dira, hala nola, grafitien erakusketa, jolasak, «takeo» lehiaketa, eta abar. Gainera, tunelean margotuko den muralean parte hartzen dutenentzako bazkaria eskainiko da.
Udalak dagoeneko iragarri du «tunela bera margotzeko lekuak beteta daudela», baina espazio gehiago eskainiko dira grafitiak egiteko, eta gerturatzen den gazte orok izango ditu eskura kutxa zein spray ugari. Edozein perfilek har dezake parte, profesionalak zein amateurrak; baldintza bakarra 15 eta 30 urte bitartean izatea da.
Honakoa izango da zapatuko egitaraua:
- 11:30ean, tunela margotzen hasiko dira
- 14:30ean, bazkaria parte hartzaileentzat
- 16:00etan, tunela margotzen jarraituko dute
- 18:30ean, grafiti jokoak
- 20:00etan, Graffestaren amaiera